Eneko Arrate: 'Txirrindularion arriskua'
Azken hamar urteotan orokorrean kirolzale kopurua ugaritu denez, errepideetan jende asko ibiltzen gara bizikleta hartuta. Pozgarria da jarduera fisikoa egiteak izan duen gorakada, baina errepidea beti izan da eta beti izango da gune arriskutsua erabiltzen duen bizikleta zale, auto gidari, kamioi gidari, oinezko zein motor gidarientzako. Errepideetako zirkulazioa asko igo da, batez ere auto kopurua nabarmen igo delako. Gainera, azkar ibiltzeko ibilgailuak eta errepideak diseinatu ditugu, eta bizi erritmo azkarraren ondorioz hara eta hona kilometro asko eginez gabiltza oso abiadura bizietan. Guzti hori koktel arriskutsu bihurtzen da, aste honetan, zoritxarrez, gure eskualdean argi geratu den moduan. Kaltetuena ahulena suertatzen da.
Errepide sareko hobekuntza gehienetan txirrindulariok ez gara kontuan hartuak izan. Markina-Xemeingo Urberuagako obretan adibidez, sekulako lur mugimenduak egin eta errepidea zabaldu ostean bide ertz txikia utzi dute. Bide ertzak oso garrantzitsuak dira bizikletan ibili ohi garenontzako baina tamalez leku askotan oso txikiak dira eta beste askotan zikin egoten dira, eta horrek bidean pixka bat barneratzera behartzen gaitu. Orain, gainera, bide ertz askotan ikuskari txikiak ipini dituzte lurrean, tropelean goazenean arriskua areagotuz.
Errepideak, zirkulazioak eta gidarien jarrerek eragin txarra duten moduan, txirrindularion jokabidea ere aztertzeko da. Beti errazena inori errua botatzea da eta egia da askok errepideko traba bezala hartzen gaituztela, baina txirrindulariok ere lotsatzeko moduko jarrerak izaten ditugu askotan. Tropeltxoetan goazenean, adibidez, harrotu egiten gara eta errepidea gurea dela pentsatzen dugu maiz, zirkulazioaren parte garela ohartu beharrean, semaforoak eta zebrabideetan ere askotan ez gara gelditzen, bakarka doazen txirrindulari askok errepide erdi xamarretik ibiltzeko ohitura txarra dute, mendateetan gora lehertuta joan ohi diren txirrindulariak albo batetik bestera karril osoa hartzen dute askotan, eta abar.
Gure hutsak ere onartu behar ditugu denon ardura delako zirkulazioan elkar errespetatuz eta elkarri lagunduz istripu hauek ahalik eta gutxien gertatzea, desagertzea ezinezkoa delako, istripuak errepidean beti egon direlako, daudelako eta egongo direlako. Txirrindulari denok izan dugu sustoren bat. Errepidera ateratzen garen aldiro argi izan behar dugu gune arriskutsu batean gaudela baina denon ahaleginez arrisku hori gutxitu dezagun!