Esteban Irusta Mallea: 'Gure Esku Dago'
Aspaldi honetan, Gure Esku Dago dinamika martxan dago herri eta lurralde askotan. Ahaleginak ez dira berriak Euskal Herrian. XIX. mendeko guda Karlistak galdu ondoren, bere Legedia galdu zuen eta horrela, neurri handi baten, bere burujabetza. Frantzian beste hainbeste gertatu zen, 1789ko Iraultzaren ondorioz. Ordutik hona, Iparraldeko Euskal Herria maldan behera joan da bere burujabetzari dagokionez. Frantziako Estatu Zentralistarentzat Euskal Herria ez da existitzen, eta euskara ez dago onartua ofizialki. Hego Euskal Herrian zerbait hobeto aurkitzen gara, baina hemen ere, ez gaude harrotasunez hegan egiteko moduan. Gure Estatutua daukagu, eta euskera ofizialki onartua dago, baina sarri ikusten ari garenez, Eusko Legebiltzarrean hartutako erabaki asko baliorik gabe uzten ditu Madrilgo Gobernuak, nahiz eta Autonomia Estatutuan jasotako eskumena izan. Bi Gobernuen artean sortzen bada eztabaida, ia beti nagusitzen da Madrilgoa. Foruak galtzearen ondorioak pairatzen ari gara.
Euskal Herriko Foruei buruz oso gutxi hitzegiten da, baina bere garaian munduko agintari eta ospe handiko pertsonaiak goraipatzen zituzten, eta aldi berean, euskaldunen demokraziaren maila. Denen aipamena egitea ezinezkoa denez, hona hemen horietako batzuk: Karl Marx (1818-1883) filosofo, soziologo eta ekonomilari alemaniar ospetsuak hau esaten du: «Karlismoaren mugimendu libre eta popularrak Liberalismo Ofizialak baino hobeto defendatzen du herrien eta pertsonen askatasuna. Karlismoaren alde aristokrata txikiak,baserritarrak eta elizjendeak zeuden. Liberalismoaren alde, berriz, militarrak, kapitalistak eta hedadura handiko nekazaritzako lur sailen jabe aberatsak». Jean Jacques Rousseau (1712-1778) frantses filosofo eta idazleak ere Gernikako Arbola aipatzen du askatasunaren ikur bezela. Ipar Amerikako lehen presidenteorde eta bertako Konstituzioaren aita izan zen John Adamsek (1735-1826) Konstituzio berria babesteko, euskaldunen ongizatea, bake soziala eta askatasuna jarri zituen eredutzat. Lord Carnarvon, Ingalaterrako Ganberako kideak euskaldunei Europako «kiroldarrak» deitzen die, eta Euskal Probintziak Suizako «Kantoi» libreena baino libreagoak zirela, eta Nafarroako «Gorteak» Ingalaterrakoak baino burujabeagoak. Prosper Merimée (1803-1870) frantses idazleak bere miresmena adierazten du 1840an, esaldi honetan: «Burgos eta Gasteizen artean 400 urteko zibilizazioa tartea dago». Neurriz gaineko esaldia? Seguraski. Baina alde handi horren jabe ziren euskaldunak. Horretarako nahikoa zuten Ebro ibaiaren beste aldea bisitatzea. Ondorioz, ez da harritzekoa euskaldunek Euskal Errepublika bat osatzeko amets egitea.
Lehenengo guda karlistan (1835-1839) Zumalakarregirekin asmo hori nahikoa zabaldua zegoen. Modu batera edo bestera,euskaldunak beti borrukatu zituzten beren Foruak, hau da, bere askatasuna, bere burujabetza defenditzeko, jakinez besteena baino bizi-maila handiagokoa zela. Guga Karlistak galdu ziren eta ondorioz,kendu ziguten gure burujabetza. Baten batek uste izango du euskaldunek Erregearen alde borrokatu zutela, baina beraien benetako helburua ez zen hori. Benetako helburua beraien Legeen bitartez Euskal Herriaren askatasuna defenditzea zen. Harrezkero Frankoren Guda Zibila (1936-1939) izan zen, eta Bizkaiak eta Gipuzkoak (ez Nafarroak eta Arabak) galdu zuten Kontzertu Ekonomikoa. Hemengo diru guztiak Madrilerako bidea hartzen zuten. Baten batek esan zuen bezala, urte haietan Euskal Herriko diruekin urrezko errepideak izateko moduan geunden.
Gero, Franko hil ondoren etorri zen «demokrazia» izeneko sasoia. Egoera ekonomikoa, soziala… hobetu dira, baina egoera politikoan, burujabetzari buruz dagokionez, oso urruti gaude Foruen denborekin alderatuz. Gure askatasunaren egarria ez da asetu,eta ez da asetuko benetako burujabetza lortu arte. Urte luze hauetan Espainiaren aldeko komunikabideak lan sakona egin dute eta egiten ari dira jende askoren pentsakeran. Gure Esku Dago moduko mugimendu ugari beharko dira euskal kontzientzia berpizteko eta gutxienez Foruek suposatzen zuten eskubideak berreskuratzeko.