Auro Ansorregi Altzibar: 'Oporrak'
Bakazioak guk esaten genuen bezala, barkazioak gure aurrekoek, bakantzak… Hitza-n ere ikasturte bukaerako oporrak izango ditugu, bai ondo! Uda da, eta garaiak berak ematen du, alai eta arin ibili behar dugula zentzu guztietan.
Uda sasoaik berarekin dakartza aldaketak; irratietan saio freskoagoak eta arinagoak, txitxi gutxidunak, niretzat. Egunkariak ere flakatu egiten dira udan. Agian, ez ditugu neguko intentsitatearekin jasotzen berriak edo ez zaigu komeni burua gehiegi nekatzea, dena ji-ji, ja-ja… izan behar, ala? Beraz, alde batera, gai korapilatsu eta sakonegiak.
Txankletak, eguzkitako kremak, bisera… hamaika izango dira errosario honetan dabiltzanak. Lana egiten duenak atsedena merezi duelako asko izango dira poltsa prestatzen ariko direnak. Eta beste asko berriz, herria zaintzen geldituko direnak. Gure aurrrekoek ez zuten izan opor aukera handirik, ez behintzat nire ingurukoek. Guk berriz, ahal izan dugunean hartu ditugu, eta ezin izan denean ez. Egungo gizarteak ematen du berarekin dakarrela oporrak hartzeko derrigortasuna. Hala ez bada ,elementu arraro gisa sailkatua izango da. Edo ez da hainbesterako?
Sinistuta nago kostako herrietan bizi garenok pagotxa dugula, gero eta konbentzituago nago. Eguerdian lanetik atera, toalla poltsan, moilara jeitsi, itzelezko bainua hartu, eguzkiari ku-ku bat egin eta bazkaltzera. Horrela bizi bagina beti…!
Turistak, beraneanteak ikusten ditugu gora eta behera, txindurriak bezala, agertzen eta ezkutatzen. Baina zorionez ez dugu jasaten kostako herri askok jasan behar duten inbasioa. Modan dauden herrietan ez da giro, eta hau diodanean zera esan nahi dut: bertakoak kokoteraino daudela kanpotarrek euren bizimoduan duten eraginean, bestela galdetu Donostiako Parte Zaharreko auzotarrei. Masifikazioak kalte egingo ligukeela diote adituek. Behe mailako turistek zarata ateratzen dutela esaten dute, eta goi mailakoek berriz, etxeak erosi eta prezioak garestitzen dituztela. Guzti honetan zerbait egia izango delakoan nago.
Gure inguruko zenbait herri bikoiztu eta hirukoiztu egiten dira udan, ez dute nahi Mediterraneoko turismoaren kopia izatea. Eta nolako turismoa nahi dugu? Herri txiki batzuetan, familia turismoak jarraitzen du, hau da, aiton-amonek hasi ziren eta egun bilobek jarraitzen dute etortzen. Askok, bigarren herritzat ere badute, eta ez da batere txarra, ez horixe.
Herriko jaiak ate joka dira eta ondo pasatzea opa dizuet, baina «pasatu» gabe. «Zintzo portau, gitxi gastau, eta bueltak amai».