Karmenetan, dena ematen
Karmen jaiei zukua atera diete markina-xemeindarrek. Barikuko txupinagaz hasi, eta, etenik barik, ospakizunetan murgilduta ibili dira lau egunez. Kantu, dantza eta parranda nahikoa eduki dute.Etenik barik, Karmen jaietan murgilduta igaro dute asteburua...
Karmen jaiei zukua atera diete markina-xemeindarrek. Barikuko txupinagaz hasi, eta, etenik barik, ospakizunetan murgilduta ibili dira lau egunez. Kantu, dantza eta parranda nahikoa eduki dute.
Etenik barik, Karmen jaietan murgilduta igaro dute asteburua markina-xemeindarrek. Atsedenik gabeko lau egun izan dira, barikuan hasi eta atzo gauera arte. Atzo agurtu zuten Alarabi, datorren urtera arte.Zerutxu dantza taldeko dantzari gazteek eman zioten hasiera 2016ko Karmen jaiei. Ondo pasatzera eta dantzan egitera gonbidatu zituzten herritarrak udaletxeko balkoitik emandako pregoiagaz, eta esanekoak izan dira markina-xemeindarrak. Dantza, kanta eta ondo pasatzea helburu, jende ugari ibili da agertoki batetik bestera, jaietako ekitaldiak ikusi eta gozatzen.
240 lagun baino gehiagok parte hartu zuen, esate baterako, barikuko danborradan, eta Zelaia, alde zaharra eta Goiko Portala bete egin ziren danborjoleak txalotzeko.
Karmen Egunean ere, jendetza bildu zen udaletxe aurrean, Zerutxuko dantzariek herriko agintarien aurrean egiten duten ohiko aurreskua ikusteko. Gonbidatu berezia egon da aurten, gainera, udaletxearen atarian. Markina-Xemeingo jatorriko Rafael Anchia estatubatuar politikaria.
Debako Bandaren kontzertuak ere bete egin zuen Arkupea. Jarleku bat bere ere ez zen hutsik gelditu, eta publikoak txalo zaparradagaz eskertu zuen Debako bandaren lan bikaina.
Zelaia, beteta
Herri kirol, bertso saio, zesta partida eta Doctor Deseoren kontzertuak ere harrera ona eduki dute. Halere, herri bazkaria izan da herritarrentzako galdu ezineko hitzordu nagusia. Domeka goizetik hasi ziren herritarrak Zelaia prestatzen, eta hutsunerik ez zen geratu berdegunean.
Herri bazkariko 2.500 lagunei Granollerstik (Herrialde Katalanak) etorritako 180 Castellersak batu zaizkie oraingoan. Bazkaldu aurretik, giza dorre ikusgarriak egin zituzten Xemeinen, Aldaola ostean eta Zelaiaren beheko partean.
Luis Egurrolak eta Eneko Arratek aurkeztu zuten bazkalosteko herritxoua, eta dantzan jarri zuten Zelai osoa. Jairik jai ibilita, era guztietako kanta, dantza eta antzezpenak eskaini zituzten Castellersak, Zoro kuadrillak, Izen bakuek, Ibanek, Alarauke taldeak, Mari Carmen Balentziagak, Laura Chicak, Terremotuek, Los Guapos-eko kideek, Arrieta familiako kide batek, Alprojak taldeak eta Susana MontaƱa eta haren alabak.
Atzo, berriz, umeak izan ziren protagonistak. Beroa zela eta, Bekobentan jarri zuten umeen parkea, eta puzgarrietan gora eta behera ibili ziren, gustura.