50. urteurren ikusgarria
Aurten 50 urte betetzen dituela eta, Karmen jaietako agur jaialdi berezia eskaini du Zerutxu dantza taldeak. Aipamen berezia egin diete sortzaileeiZerutxu dantza taldearen 50 urteko ibilbidearen erakusleihoa izan zen astelehen gauean, Markina-Xemeingo ...
Aurten 50 urte betetzen dituela eta, Karmen jaietako agur jaialdi berezia eskaini du Zerutxu dantza taldeak. Aipamen berezia egin diete sortzaileei
Zerutxu dantza taldearen 50 urteko ibilbidearen erakusleihoa izan zen astelehen gauean, Markina-Xemeingo frontoi nagusia. Herriko dantza taldeak mende erdi luzean egindako lan oparoaren erakustaldi ikusgarri bat eskaini zuen. Frontoiko harmaila guztiak bete zituen publikoak maitasunez eta esker onez betetako txalo zaparrada handiagaz erantzun zion.50 urtetako ibilaldia egiteko «ezinbesteko» izan duen laguntza eskertu zien Zerutxuk ume, gazte, nagusi, guraso eta erakundeei ikuskizunaren hasieran. Urteurrena, gainera, 50 urte horietako lehengo eta oraingo protagonistetako batzuk bat eginda ikusteko aukera paregabea ere izan zen.
Luzaideko dantzekin hasi zuten ikuskizuna, Zerutxu taldeko nagusien eskutik, Gipuzkoa aldeko makil txiki dantzak egin zituzten ondoren, neska gazteek, eta banderak altxatuaz, lau hilabeteetan ikasitako Dantzari dantza ekarri zuten jendaurrera Zerutxuko mutil gazteek.
Iparralderantz jo zuen gero, ikuskizunak. Zuberoako Maskarada dantzen zati batzuk eta inauterietan egiten diren funtzioak erakutsi zituzten, ikusgarri, dantza taldeko neska nagusiek. Zerutxuko mutil nagusiek, berriz, Oñatiko Corpus dantzak plazaratu zituzten.
Txikiak ere protagonista handiak izan ziren astelehen gauean, eta jardunaren poderioz prestatu zituzten Irri dantzak dantzatu zituzten. 50 urtetako partaide legez frontoiko ekitaldian egon ziren dantzari ohiek, berriz, Gorularien dantza egin zuten.
Dantzaz dantza, amaierara ailegatu zen ikuskizuna. Ekitaldia amaitu aurretik, baina, ez zituzten ahaztu nahi izan dantza taldearen sorreran esku hartu eta lagundu zuten herritarrak. Hori dela eta, aipamen berezia egin zieten, proiektu erraldoi horretan hasieratik egon diren Felipe Amutxastegi, Pili Garitaonaindia, Imanol Aretxabaleta eta Arantza Arrizabalagari. Hasiera-hasieratik taldea bultzatzen egin duten lanagatik, txapelak, lore txortak eta dantza taldearen zein herritarren esker ona eraman zuten.