Idoia Zengotitabengoa Laka: 'Lorik egin gabeko gauez'
Irakurleak jakin beharko luke irakurtzen duen horren egileaz. Irakurtzen duen ezagutza hori kokatzeko ahalmena izan dezan. Ezagutza partziala, kolektiboa eta testuingurura atxikia baita Harawayren teorien arabera.
Jakin beharko genuke albokoaz ere zertxobait gehiago, ilaran aurrean aspertuta den horretaz, hondartzan umeak gobernatu nahian dabilen horretaz edo kaletik egunero gurutzatzen dugun horretaz. Eta guzti honek beste gorputz batzuen sufrimendura zein poztasunera hurbiltzea ahalbidetuko lekiguke. Ala ez. Urrun sentitzen baititut zenbait posizionamendu politiko –zentzu zabalean ulertu, mundu ikuskera bezala-. Enpatia eta hurbiltasuna sentituko ditut subalternitatearen parte diren bizitzekin, eta ez horrenbeste, normaltzat dugun hegemonia basatiarekin. Baina aurreragorako utziko dugu.
Eta izan beharko genuke beraz jakin miña mundu ikuskerez, eta horretan saiatzen gara, geure errealitate ikuskera aldakorra bera ere ulertzeko zailtasunak ditugularik. Eta hemen nauzue, sekula neure burua imajinatuko ez eta ordenagailu aurrean, ganorazko zerbait idatzi nahian, barruak eutsi ezinik. Baina egongo da ustutzeko beta; eta beldurra.
Ariketa honetan, utziko didazue, irakurtzen zauden horren aurrean, baina batez ere zure aurrean laguna, neure ahultasun eta barne kontraesan hau kaleratzen: barkatu nahi beste idatzi ez izana. Aitzakiarik gabe.
Badirudi udako egunen amaierarekin batera heldu zarela guregana, zeurera. Izan garenaren, izan gaitezkeenaren edo izango garenaren gaineko zigor politikoei jarraiki loturik izan zaituzten instituzio panoptiko horretatik irtena zara hau publikatzerako. Injustizia instituzionala bizi izan duzu bere indarkeria politikoaren formarik eta bortitzenean. Gure herriko errealitate gordin honekin amaitzea ez da karitate kontua, betebehar orokor eta justizia kontua baizik –gusta ala ez–.
Eta bazatoz, guk hainbeste gorroto ditugun egunerokotasun horiek zuk zeure egiteko gogoz seguru. Bizitzeko gogoz. Ikasi beharko genuke bada gaur duzun mundu ikuskera horretatik denok pixkat. Izan ere, askotan, deskonektatzea (geure izate horretatik ihes egiteko aukera) zorrotz exijitu izan ohi badiogu ere geure buruari, egunerokotasunaren parte izan daitezkeen momentu eta txokoak berdefini eta baloratzea ezinbestekoa beharko luke izan. Hedonismo zinikotik harago, eraiki ditzagun inguru eta momentu ederrak hartatuaz bizitza are biziagoak; bizitzaren irrika.
Irakurleak jakin beharko luke irakurtzen duen horren egileaz. Irakurtzen ari den hori modu sakon batean ulertzeko ahalmena izan dezan. Eta jakin beharko genuke gehiago besteez, errealitatea bera era sakonago batean ulertzeko ahalmena izan genezan. Honek beharko luke zure, nire, gure izate eraikiaren parte bat.
Ongi etorri Eneko!