Esteban Irusta Mallea: 'Jokaera bitxiak'
Urte luze hauetan guztietan, euskal gizartearen kontra idatzi dutenak asko izan dira. Baraien izenak aipatzea ezinezkoa izango litzateke. Une honetan, ostera, gutxiago dira. Hala eta guztiz ere, batzuk ezin dute ohiturari uko egin eta tarteka agertzen dira beraien lanak. Artikulu guztietan erabiltzen duten gai ia bakarra Euskal Herria eta euskal gizartea dira. Iritzia ematea berez ez da ez txarra ez ona. Normala da gizarte bakoitzak bere herriari eta gizarteari buruz idaztea. Herri batek, gizarte batek denetarik hitzegiteko aukera ematen du. Batzuk kirolari buruz idazten dute eguneroko berriak azaltzean, talde baten edo bestearen aldeko edo kontrako iritziak emanez. Beste gaietan ere, gauza bera gertatzen da. Gizakien bizitzak denetariko iritziak izateko aukera ematen du. Denok, geure berbaldietan, hizketaldietan denetariko iritziak ematen ditugu. Berdin kazetariak eta idazleak bere iritziak azaltzen dituztenean egunkarietan, aldizkarietan, liburuetan edo irrati eta telebistako tertulietan. Kolore guztietako iritziak irakurtzeko eta entzuteko aukera izaten dogu. Baina arau guztiak, erregela guztiak, bere salbuespenak izaten dituzte. Eta denok ezagutzen ditugu geure Euskal Herrian gehien irakurtzen diren egunkarietan, eta bertako kazetari batzuk aldiro-aldiro, salbuespenik barik, beti, idazten duten bakoitzean, euskal gizartearen kontra edo bertako agintarien aurka azaltzen dituzte beraien iritziak. ETAren ekintzen aurka normala zen kazetari hauen eta besteen (denen) haserrea azaltzea, baina gizarte guztiari errua botatzea ez da normala. Orain beste egoera baten bizi gara, baina batzuk berdin jarraitzen dute. Hauentzat Euskal Herriak ez du gauza onik. Dena da ezkorra,dena da negatiboa. Beste aldetik, Espainia mailan ez dago ezer txarrik, ez dago ezer kritikagarririk kazetari, hizketari, mintzatzaile eta idazle euskaldun hauentzat. Benetan fenomeno bitxia da euskal idazle hauen jokaera. Beraien bizitzan ezagutzen ez dugun zerbait berezia gertatu zaie bide horretara eraman dutena ulertzeko.
Irakurri dudan azkenetako astakerien artean, Luis Haranburu Altunarena da. Idazle eta hizketari honen ustez, Euskal Herrira demokrazia Patxi (Francisco) Lopez Lehendakari izendatu zutenean heldu zen, PP eta PSOE-k ituna egin ondoren. Egia da ETAk une horretan hartu zuela borrokari uko egiteko erabakia. Baina erabaki horrek ez zeukan zerikusirik PP eta PSOE-k egindako itunarekin, horrela suertatu zelako baizik. ETA zegoelako demokraziarik ez zegoela pentsatzea ez da egokia. Horrela balitz demokraziarik ez legoke inon. Gaur egun eta ia beti ( noiz ez?), Europa mailan ere,gatazkak eta borrokak ez dira falta izaten eta horregatik ezin dugu esan demokraziarik ez dagoenik. Eztabaida daiteke dauzkagun demokraziak benetakoak diren edo ez; adibidez Euskal Herrian. Baina ez euskaldunen erruz preseski; XIX. mendean Guda Karlistak galdu ondoren erabaki gehienak Madriletik datozkigulako eta euskaldunen eskuetan dauden erabakiak bigarren mailakoak direlako baizik. Frankoren 40 urteko diktadura ez dogu kontuan hartuko diktadura eta demokrazia kontraesankorrak, antagonikoak baitira.
ETA, hain justu, Frankoren diktaduraren kontra sortu zen. Egi hau ez da agertzen ia inongo hizketaldietan, inongo idatzietan. Harrigarria, benetan. Alderantziz, hiltzea gustokoa omen zuten. Horregatik jartzen omen zuten arriskuan beraien bizitza. Beste aldetik, ezin dogu ahaztu ETA sortu zenetik lehenengo hilketaren artean hamar urte pasatu zirela. Ez ziren lehenengo egunetik tiroka hasi. Lehenengo helburuak euskal kultura, eta hilzorian zegoen euskera babestea eta indartzea izan ziren. Eta bide hori ere debekatzen zutela ikusiz, bide armatura pasa ziren. Hau da gertatu zen historia, guk bizi izan genuen historia. ETA diktadura baten aurka sortu zela ezin da ukatu. Beste gauza da ETA-k egin zuen bideaz ados egotea edo ez egotea. Baina daukagun demokraziak ez dauka zerikusirik ETA-rekin. Dena den, aipatutako kazetarien idazlanak ez dute eragin askorik gaur egun Euskal Herrian, defendatzen dituzten alderi politikoen gainbehera kontuan hartzen badogu. Normaltasuna nagusitzen ari den heinean, horrelako jarrerak ez daukate eraginik. Baina Madriletik, ikusirik muturreko ahalegin horiekin ez dutela nahibeste lortzen jendearen pentsakera aldatzea, beste bide bat hartzen ari dira: Eusko Jaurlaritzak, Euskal Parlamentuak edo udal batek hartzen duen erabakiak epaiketara eramatea. Agintarien arma garrantzitsuena legedia da. Beraien aldeko legeak sortu eta eztabaida bi erakunderen artean sortzen bada, kasu honetan Espainian eta Euskal Herriaren artean, galtzaile ia betikoa, ahulena da. Askok gogoratzen dogu 2001an Ibarretxe Lehendakariaren aurkako neurrigabeko propaganda, eta zein ondorio izan zuen: Ibarretxek inoiz baino boto gehiago lortzea. Dibertigarria izango litzateke, une haietan Espainiaren aldeko komunikabideak erabili zuten artileria guztia azaltzea. Porrota, sekulakoa izan zen.