Auro Ansorregi Altzibar: 'Komunikabideak/komunikazioa'
Komunikabideak, komunikatzeko erabiltzen diren bideak direla dio hiztegiak. Herrien artean komunikatzeko aukera ugariak dira, nolanahi ere. Oinez ez badugu egiten garraio modu bat aukeratu beharko dugu. Norberarena edo publikoa. Oraindik batzuk, autorik ez duzula esatean harridura aurpegia jartzen dizute, zeozer izugarria galtzen ariko bazina bezala.
Autoa edukitzea, garestia izateaz gain kutsakorra ere bada. Garraio publikoan ez duzu gidatu beharrik, eraman egiten zaituzte, aukera ematen dizu irakurtzeko, musika entzuteko edo lo kuluxkak botatzeko. Inguruko herriak edo geltokiak ezagutzeko ere balio du. Eduki dezakeen alderik txarrena, nolabit esateko, ordutegiaren menpe ibiltzearena eta bidaian denbora gehiago ematearena.
Garraio publikoaren apologia egitean, ezin dut ahaztu, gure eskualdearen aldean hamaika direla gu baino hobeto daudenak, eta zergak berdin ordaindu arren, trukean jasotzen duguna ez dela berdina izaten, inolaz ere. Eta lerro hauek balioko balukete arreta jartzeko sikiera…
Gustuko dut trenez bidaiatzea. Garraio erosoa izateaz gain jende desberdina ezagutzeko eta norberaren fantasiak lantzeko ere balio du (niri behintzat). Asteko egunaren eta orduaren arabera, jende mota ere aldatu egiten da, abanikoa zabalagoa eta koloretsuagoa da.
Komunikazioaren aroan bizi garela ezin ukatu. Sekula baino gailu eta tresna komunikatzaile gehiago ditugun honetan elkarrengandik urrutiago gaudela ematen du.
Trenaren adibideari berriro helduz, gure eserlekuaren ondoan, aurrean edo inguruan ditugun horiekin ia ez dugu harremanik izaten. Bakoitza bere burbuila barruan sartuta, bakoitza bere tramankulua eskuan duela, ia begirik altxa gabe. Teknologia berriak indartsu sartu dira gure bizimoduan, eta asko, lilura horretatik irten ezinda daudela dirudite. Ordubeteko bidaia egin dezakezu eta ondoko hori ez da ohartu ere egin hor zaudenik.
Teknologia berrien menpekotasunak denok berdintzen gaituela ematen du edo hala mozorrotu nahi digute. Sekula baino askeago gaudela errepikatzen digute, baina lotura eta atxikipena sendoagoak direla ematen du.
Komunikazioa ala inkomunikazioa. Gauza batzuetan lehengo lepotik burua; aurten ere Hondarrabian plastiko beltzaren atzean ezkutatu dira errespetoa eskatzen duten horiek. Zerbait ez dabil ondo.