ELA sindikatuak deituta, itunpekoak diren Bizkaiko zaharren egoitzetako langileak greban daude urriaren 4a bitartean. Eusko Jaurlaritzak
gutxieneko zerbitzuak %60tik %80ra igo ditu azken egunetan; sindikatuak auzietara joko duela iragarri du, langile gehienen grebarako eskubidea galarazten duela argudiatuta.
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta patronalaren jarrera aldatu ezean, sindikatuko kideek ez dute baztertzen greba mugagabera jotzea. Momentuz, enpresariek batzarra deitu dute barikurako [irailak 23].
ELAk dio, patronalak langileei aurkeztu zien itun berrian, berez txarrak ziren baldintzak are txarragoak bilakatu nahi zituztela salatu dute sindikatuko kideek
Egoitzetako
lan baldintzak 1988tik ez direla aldatu salatu, eta sindikatuek eta langileek honako eskaerak plazaratu dituzte: 1.200 euroko gutxieneko soldata –momentu honetan, langileek bataz beste 1.000 eta 1.100 euroko soldatak dituzte–. Urtean 1.592 orduko lan jardunaldiak, orain egiten dituzten 1.698 orduen ordez; astean 35 lanordu lortu nahi dituzte sektorean. Gaixoaldi egoerak ere hobetzea eskatzen dute, lizentziak eta baimenak bermatzea, eta lan-kargak eta ratioak hobetzea, eta hitzartuko den guztia bermatzea.
Oraingo deialdia martxoan eta uztailean egin zituzten hamazortzi greba egunei gehitzen zaie. Deialdi haiek sektorean jarraipen zabala eduki zutela adierazi du ELA sindikatuak; azken geldialdiek jarraipen osoa eduki zuten, Bizkaiko 30 egoitza nagusienen %75ean.
Lan hitzarmen barik. Mobilizazioak lan hitzarmena salatzeko hasi ziren, martxoan. Patronalak langileei aurkeztu zien itun berrian, berez txarrak ziren baldintzak are txarragoak bilakatu nahi zituztela salatu dute sindikatuko kideek. Langileak eta patronala maiatzean bildu ziren azkenengoz, baina sindikatuak adierazi du enpresek ez zutela ezer zehatzik, beraz, negoziazioak geldituta daude.
«Patronalak gehiago arduratzen dira leku bakoitzaren prezioa igotzen, aldundiak laster berraztertuko baititu, eta norgehiagoka ari dira ea zeinek handiagotzen duen bere leku-kopurua, aldundiak diruz lagundutako lekuak, alegia. Horretarako zenbait egoitza gutxieneko zerbitzurik barik uzten ari dira», adierazi du ELAk.