Ager Solabarrieta Txakartegi tiratzaile olinpikoak eta Maite Badiola Akarregi bere laguntzaileak Euskal Herriko Opena-Bizkaia Trofeoa txapelketan parte hartuko dute.
Euskadiko Kirol Egokituko Federazioak eta Bizkaiko Kirol Egokituko Federazioak antolatzen duen txapelketa zapatuan [irailak 24] jokatuko da Artxandako (Bilbo) Bizkaia tiro eremuan.
Solabarrietak aurreratu duenez,
bi diziplinatan parte hartuko du. Alde batetik, euskarri gabeko 60 tiro zutikako proban parte hartuko du, eta, bestetik, 60 tiro etzandako proban.
Maite Badiola eta Ager Solabarrieta
Zutikako kategorian Euskal Herriko titulua berriro irabazteak ilusio handia egiten diola adierazi du ondarrutarrak. “Nire helburua Espainiako txapelketako sailkapen fasean lortutako emaitza hobetzea da. Entrenamenduetan oso emaitza onak lortzen ari naiz, eta berez, Santanderren (Kantabria, Espainia) lortutako 574 puntoak berdindu edo gehiago lortu beharko nituzke”.
Euskadiko txapelketan, gainera, parte hartzaileek etzunda ere aritzeko aukera izango dute estreinako. “Jendea gutxika-gutxika diziplina honetan ere tiratzera animatzen ari da. Gutxienez, bost bat lagun batuko garela uste dut”. Etzandako proban ere Espainiako sailtzeko probako emaitza hobetu nahi duela dio Solabarrietak. “583 punto lortu nituen azkenengo txapelketan. Ea oraingoan 590 puntotik gora egitea lortzen dudan”.
Babesle bila
Azaroan, bestalde, Munduko Txapelketa jokatuko da, baina
aurrekontu faltagatik ondarrutarrak ezingo du bertan parte hartu. “Handik eta hemendik jasotzen ditugun laguntzei esker hainbat txapelketara joateko aukera dut, baina denerako ez zaigu ailegatzen. Ekipamendu berria erosi behar izan dugu orain gutxi, eta babeslerik ere ez dugunez eta Espainiako Federazioak ere nahikoa ez duenez laguntzen, aukera hori barik geratu beharko dut”.