Leartibai Garapen Agentziak
Txertatu Merkatuan programa jarriko du abian Lea-Artibai eskualdean. Programa horretan parte hartzen dutenek eraikuntzarekin harremana duten gremioen lanak ikasteko aukera izango dute urria eta abendua bitartean, eta gainera batzuk, ikastaroa amaitutakoan, ikasitakoa praktikan jartzeko bi hilabeteko lan kontratua sinatzeko aukera izango dute.
Eraikinak zelan birgaitu ikasiko dute.
Txertatu Merkatuan Europako Gizarte Funtsa, Garapen Elkarteko kide diren eskualde-garapenerako 19 agentzi eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin batera finantzatuta dago, eta prestakuntza-maila baxua duten, ikasketak utzi dituzten eta langabezian dauden
16 urtetik gorako eta 30 urtetik beherako gazteei zuzentzen da. Horietaz gainera, Unibertsitate-ikasketak utzi eta lanik gabe dauden eta ikasten ez dauden gazteek ere parte hartu ahal izango dutela jakitera eman dute.
Bi atal
Programa bi ataletan banatzen da:
Egokitu eta Trebatu.
Egokituk eguneroko jakintzetatik abiatuta lan profil bat eraikitzea du helburu. «Erabiliko den metodologiarekin pertsonen ezkutuko gaitasunak eta lan-trebetasunak identifikatu eta balioztatu nahi dira, enpresek erabiltzen duten lan-hizkuntzara egokitzeko», azaldu dute antolatzaileek.
Trebatu atala, bestalde, lanaren inguruko errealitatea ezagutzera zuzenduta dago. «Tailer erdi produktiboak izango dira eta oinarrizko gaitasun profesionalak landuko dira».
Programan parte hartzeko Leartibai Garapen Agentzian eman behar da izena. Barikua [irailak 23] da azken eguna.