Gorka Etxebarrieta: 'pH-7'
Azken parte honetan eskuartean dudan liburuak, gure gorputza ureztatzen duen odolaren hidrogeno ioi kopuruak gure osasunean duen eragin zuzenaz datza. Gaur arte irakurritakoak dioenez, barneratzen ditugun elikagai ezberdinak medio, odoleko pHa azidotu (pH<7) edo basifikatzeko (pH>7) gai gara. Horren ondorioz, odolaren pHa (7,38-7,42) bere horretara eramateko gure gorputzak martxan jarri behar dituen mekanismo zein funtzioak direla eta, egindako elikagai aukeraketak gure osasunean eragin positiboa edo negatiboa sortzen duelarik. Jakiak, gorputza eta nola ez, beti bere eragina duen ingurugiroa. Hiru faktore hauen konbinaketak erabakitzen du gorputzak har dezakeen tonu beltz edo zuria. Beste behingoz aurretik idatzitakoetan azaltzen saiatu naizen bezala, guretzat nahi dugun guztia, portzentaia handi batean behintzat, gure esku dago. Igande honetan gertatuko den bezala, erabakia gurea da.
Halere, aukeraketa egokia egiteko ariketan jartzerakoan, jaki zein politikarekin arduragabe jokatzen dugulakoan nago. Lehenik, alderdi eta hauen kartel buru diren politikoek programa ezberdinetan azaltzen dutenaren heren bat ere betetzen ez dutelako. Eta bigarrenik, boto-emaile gehienok, bizi garen ingurugiroan eragin handia duten erabaki ezberdinak hartzen jarriko diren haiek hautatzeko hausnarketa, azaleko maila batetan egiten baitugu.
Jakiak eta ingurugiroa. Gorputzerako, funtsezkoak diren gaiak direla ikusita, orain arte jokatu bezala jarraitzeko asmoa erakutsiko dugu? Automatak izaten jarraitzeko aukera izango da gurea? Batek daki zuena, nirea ez behintzat. Ez ditut nahi herria isilarazteko berehalakotasun politika urriak martxan jartzen dituzten haiek. Ezta inor ez iraintzeko nahiaz, politika pasiboak eta jarraitzaileak ezartzen dituztenak. Gizartean, legealdiko lau urtez haratago doazen ohitura osasuntsu eta iraunkorrak bultzatzeko gai diren alderdi eta pertsonak dira nik nahi ditudanak. Bertoko jaki eta herri merkatuen bultzada, energia iturri alternatiboen ezartzea, garraiobide eta mugikortasun politika jasangarrien hedapena, balio erantsia duen industria sareen indartzea, euskal izerdiaren bitartez garatzeko gai izan garen herri nortasuna internazionalizatzea, herri partaidetza sistemen ugaltzea.
Nire pHa basifikatzen lagunduko duten politikak dira nire gustukoak. Ea igande honetan egingo dudan aukeraketa gailendu eta beste mahaikideekin adostuz nire nahiak betetzen diren.