Urriaren 8an ospatuko da Markina-Xemeinen Urriko Azoka Nagusia
Bertako ekoizle eta abeltzainen produktu eta animaliak ikusi eta erosteko aukera egongo da. Trikitilariek, bertsolariek, erakustaldiak eta Aiko taldearen erromeriak girotuko dute azokaLea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusiaren egitaraua ezagutzera eman du a...
Bertako ekoizle eta abeltzainen produktu eta animaliak ikusi eta erosteko aukera egongo da. Trikitilariek, bertsolariek, erakustaldiak eta Aiko taldearen erromeriak girotuko dute azoka
Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusiaren egitaraua ezagutzera eman du aste honetan, Markina-Xemeingo Udalak. Urtero modura, urriko bigarren zapatuan egingo da eskualdeko nekazari eta abeltzainen azoka nagusiena, urriaren 8an.10:00etan zabalduko ditu ateak azokak, eta 17:00ak arte egongo da bertoko produktuak erosteko aukera. Urtero modura, azokako mahairik onena sarituko dute, 150 euro eramango dituelarik. Aurten, baina, horrez gain, Bizkaiko Sagardoa, Bizkaiko Txakolina, Idiazabal gazta eta Baserriko ogien lehiaketa ere egingo dira, eta 200 euroko saria egongo da arloko.
Azoka zabaltzen den momentuan hasiko da bai eta ere, Euskal Herriko Blond Akitania bigantxen lehiaketa, eta abelburuak Bizkaia, Gipuzkoa eta Iparraldetik ekarriko dituztela jakitera eman dute antolatzaileek.
Giroa herri osoan
Animazioak eta erakustaldiek jarriko diote giroa azokari. Trikitilariek alaituko dute azoka gunea goizean, eta bertso saioa ere egongo da eguerdian.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, Baserri tresnen gunean, bestalde, egur erakustaldiak egongo dira estreinako.
Azokaren guneari dagokionez, ez da aldaketarik egongo. Udaletxe osteko aparkalekua eta ondoko berdegunea, Goiko Portala, Zelaia eta Plazabarripea izango dira gune nagusiak. Hala eta guztiz ere, azokaren giroa herriko beste inguru batzuetara ere zabalduko da aurten. Izan ere, Urriko Azokagaz bat etorriz, AIKO taldeak erromeria herrikoia antolatuko du Lea Artibai Ikastetxean, 12:00etan, zuzeneko musikagaz. Taldeko musikariek eta dantza maisuek erromeria herrikoia eskainiko dute, sarrerako plazan.