Erdi Arora itzuli da gaur [irailak24], Ondarroa, orain dela 689 urte, 1327ko irailaren 27an, Maria Diaz de Haro Bizkaiko andereak Ondarroaren hiribilduaren sorrerako Hiri Gutuna sinatu zuela ospatzeko. Egun guztian, goizetik gauera, egon da zer ikusi, zer entzun, zer jan eta edan eta parte hartu ahal izateko ekitaldi ugari.
Kantu gregorianoekin esnatu dira ondarrutarrak. Erdi aroz jantzitako alde zaharreko kaleetan zehar ibili dira kantariak goizean goizetik, Erdi Aroko jaia iragartzen.
Gaur goizean, alde zaharrean kantu gregorianoak abesten.
Azken prestaketak amaitu, eta dagokion modura, pregoiagaz eman zaio hasiera ofiziala ospakizunari. Patxi Etxaburu Ajarrista Ondarroako Historia Zaleen elkarteko kideak jakin arazi dizkie herritarrei alkate jaunaren eta Erdi Aroko jai batzordearen aldarriak. Kontzeju zaharreko balkoira atera da Etxaburu tanbor jotzaile eta adar jotzaileek lagunduta, eta gaurko egun guztian jaia eta algara libre egongo direla adierazi du. “Beti be, alkarrei errespetua eta begirunea erakutsiz”.
Ondarrutarren izate eta historia ospatzeko egun paregabea dela azpimarratu du pregoilariak, eta aukerarik ez galtzera animatu ditu herritarrak.
Entzun eta egin, dena bat izan da Ondarrun. Musika, ikuskizunak, dantzariak eta azoka egon dira aukeran, adin guztietako jendeak ondo pasatu ahal izateko. Alde zahar osoa hartu du jaiak Iparkale, Goiko kale, Elixope, Kantoipe, kofradia zahar aurrea, musika plaza bai eta Alameda ere. Txoko guztietan egon dira txosnak, postuak eta tailerrak, eta artisauak ere kalera atera dira lalera, garai hartan egiten zuten legez.
Ikuskizunak kalerik kale
Erdi Aroko jaia ospatzen ibili direnek, piltzarra dariotela batetik bestera zenbiltzan eskaleak aurkituko zituzten hondartza non geratzen zen galdetzen, tximino zuria eta bere zaindaria ere aritu dira kontu kontar, eta euskal mitologiako pertsonaiak ere -Amalurrek, basajaunak, Kattalinek, sorginek, aztiak eta Marik- kalejira egin dute herrian zehar. Batera eta bestera dantzan ibili ondoren, mezu bat irakurri du Amalurrek Alai tabernako balkoitik. “Zaindu ezazue elkar, lurra ez da zuena, zuek zarete lurrarenak. Ospatu dezagun elkartasuna, Erdi Aroko azoka honetan”.
Euskal Mitologiako pertsonaiak kalejiran.
Kantaize abesbatzak, txistulariek eta txalapartariek ere jarri diote doinua egunari, eta jolasik eta dantzaldirik ere ez da falta izan.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.