Zientziaren Giltzak elkarteak antolatuta, Diego Garate arkeologo bilbotarrak Berriatuko Atxurra kobazuloari buruzko hitzaldia eskainiko du
astelehenean [irailak 26],
18:30ean, Beikozinin.
La cueva de Atxurra: una nueva mirada al arte parietal paleolitico de Euskal Herria izenburua dauka hitzaldiak. Eta horretan, Garatek 2015eko irailean Berriatuan egindako aurkikuntzak daukan garrantzia azpimarratuko du. «J.M. Barandiaranek duela 80 urte induskatu zuen kobazulo hori. Eta iaz,
Ades espeleologia taldearekin elkarlanean, margo ezberdinez osatutako hamalau panel atzeman genituen».
Aurkikuntza duela urte bat egin bazuten ere, lehendabizi Bizkaiko Foru Aldundiari jakinarazi zioten. Ondoren koba itxi egin zuten. Eta aurtengo maiatzean aurkikuntzaren berri eman zuen aldundiak.
Diego Garate: “Atxurra Bizkaiko Lurralde Historikoan egin den paleolitiko garaiko arte parietalaren aurkikuntza garrantzitsuena da”
Momentuz, Atxurra koban gutxienez 70 margo daudela diote adituek. «Azken hamarkadetan margoak dituzten koba gehiago aurkitu izan dira Euskal Herrian, baina bat bera ere ez da Atxurrakoa modukoa». Izan ere, adituaren berbetan, Atxurra Altxerri (Aia, Gipuzkoa), Ekain (Zestoa, Gipuzkoa) eta Erberua (Saint-Martin d’Arberoue, Nafarroa Beherea) koben mailan dago. «Atxurra Bizkaiko Lurralde Historikoan egin den paleolitiko garaiko arte parietalaren aurkikuntza garrantzitsuena da».
Datuak emanaz eta alderaketak eginez, Garatek ikus-entzuleei hori eta gehiago kontatuko die.
Garateren ibilbidea. Deustuko Unibertsitatean Historian lizentziaduna da Garate. Eta Historiarurrean doktoretza egin zuen Kantabriako (Espainia) unibertsitatean.
2008az geroztik, Bizkaiko Arkeologia Museoko kontserbatzailea da. Horrez gain, Toulouse-Le Mirailko (Frantzia) unibertsitateko CREAP Cartailhac-TRACES-UMR 5608 zentroagaz eta Kantabriako Nazioarteko Historiaurreko Ikerketa Institutuagaz elkarlanean aritzen da.
Diego Garate arkeologoa, koba baten beharrean
Garatek parte hartu izan duen lanei dagokienez, Kantauri aldekoeta Pirinio mendilerroko kobetako hormetan dagoen arte paleolitikoa aztertu ditu. Hainbat aurkikuntzetan ere parte hartu izan du, Askondo (Mañaria, Bizkaia) edo Lumentzakoetan (Lekeitio) esaterako.
Gaur egun abian dauden proiektu ezberdinetako zuzendaria ere bada. Horien artean, aipagarrienak dira Atxurrakoa, Aitzibitarte (Errenteria, Gipuzkoa), Izturitze eta Otsozelaia (Nafarroa Beherea).
Atxurrako margoak
Periscopetik zuzenean. Azken hitzaldietan egin modura, asteleheneko hitzaldia ere zuzenean
Periscopetik ikusi ahalko dela jakitera eman dute Zientziaren Elkarteko kideek. Beraz, Beikozinin egoterik ez dutenek Internet bidez jarraitu ahalko dute.