Euskadiko Kirol Egokituko Federazioak eta Bizkaiko Kirol Egokituko Federazioak antolatu duten Euskal Herriko Opena-Bizkaia Trofeoa txapelketan emaitza oso onak lortu dituzte Ager Solabarrieta Txakartegi tiratzaile olinpikoak eta Maite Badiola Akarregi bere laguntzaileak.
Bikoteak bi diziplinatan parte hartu du, eta
bietan podiumera igotzeko aukera izan dute. Euskarri gabeko 60 tiro zutikako proban hirugarren amaitu dute eta 60 tiro etzandako proban, ostera, lehenengo postuan.
Maite Badiola eta Ager Solabarrieta Euskal Herriko txapelketan tiro egiten. Argazkia: Ager Solabarrieta
Txapelketari dagokionez, zutikako proban parte hartu zuen lehendabizi Solabarrietak. Guztira 583,3 puntu lortu zituen (562 hamartarrik barik). Bere aurretik, hurrenez hurren, Miguel Rodriguez (596,4 puntu) eta Alfredo Borja (586,4 puntu) sailkatu ziren.
Iaz baino emaitza hobea lortu du ondarrutarrak, baina nabarmendu duenez,
“oso urduri” ipini zen. “Etxean jokatzen nuelako edo, oso urduri ipini nintzen, eta horrek ez zidan askorik lagundu. Oker asko egin nituen, eta emaitzak, azkenean, espero baino txarragoak izan ziren. Azkenean, Santanderren baino 12 puntu gutxiago lortu nituen”.
Euskal Herriko txapelketan, berriz, estreinako jokatu da etzandako norgehiagoka, eta ondarrutarra nagusi izan da diziplina horretan. Guztira, 623,6 puntu (596 punto hamartarrak kontuan hartu barik) lortu zituen, aurreikusitakoa baino gehiago. Miguel Rodriguez (612,4 puntu) eta Miguel Luzuriaga (597 puntu) sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Ager Solabarrieta eta Maite Badiola txapelketako oroigarriekin. Argazkia: Ager Solabarrieta
Tiratzaile olinpikoa zirrara gazi-gozoekin bueltatu bada ere, txapelketaren inguruko
balorazio ona egin du. “Oro har, oso gustura geratu naiz. Iaz ez modura, zutikako eta etzandako probetan gero eta emaitza hobeak lortzen ari naiz, eta horren inguruko balorazio ona egin dezaket. Txapelketan, gainera, parte hartzea ere zabalagoa izan da. Orain arte dibertsitate funtzional sentsoriala dugunok parte hartu dugu, eta oraingoan dibertsitate funtzional fisikoa dutenak ere parte hartzera etortzea oso positiboa eta pozgarria iruditzen zait”.