Urriaren 16tik 23ra bitartean euskaraz filmatu denaren errepasoa egiteko aukera egongo da Lekeition. Udalak antolatzen duen euskara hutsean egiten den zine bilera bakarraren 39. aldia hilabete aurretik dator aurten, baina betiko helburuak mantentzen ditu: euskarazko lan amateurrak saritu eta bidea egiten laguntzea, eta euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune izatea.
50 lanetik gora jaso dituztela jakitera eman dute antolatzaileek, hala ere 32 film onartu dituzte lehiaketan parte hartzeko:
11 lan profesional eta 21 lan amateur. Azken lan horien arteko bostek Gazte 22 sailean hartuko dute parte, eta euretako bi lekeitiarrak egindakoak direla zehaztu dute.
38. Euskal Zine Bilerako sariduna. Argazkia: Euskal Zine Bilera / Josu Trueba Leiva
Urtero modura, lehiaketak
kategoria bi izango ditu: profesionalena eta amateurrena. Kategoria bakoitzean zuzendaritza, ekoizpena, gidoia eta argazkia arloak sarituko dituzte.
Sariak. Profesionalen sailean, arlo bakoitza 1.600 euro eta zilarrezko antzarragaz sarituko dituzte, amateur kategoriako irabazleek, berriz , 1.000 euro eta zilarrezko antzarra jasoko dute.
Horrez gain, jaialdiko saririk preziatuena, Film Onenaren saria ere profesional eta amateurren kategorietan emango dute: lan profesionalak
1.900 euro eta urrezko antzarra irabaziko ditu eta lan amateurrak 1.300 euro eta urrezko antzarra.
Beste bi sari ere banatuko ditu Euskal Zine Bilerak, bakoitza 500 eurokoa:
Gazte 22 Saria eta Lekeitioko Berdintasun Sailak ematen duen
Antzar Morea.
39. Bilerako epaimahaia Asier Bilbao produktoreak, Asier Hormaza aktoreak, IƱaki Billelabeitia EHUko irakasle eta Artea eta Teknologia departamentuko zuzendariak, Tessa Andonegi aktoreak eta Sara Cozar aktoreak osatuko dute.
Bestalde, 2015eko bileran
Benito Ansola Bekaren irabazlea izan zen Irati Canoren
Leihoak lana primiziaz ikusteko aukera egongo da. Lekeitioko Udalagaz batera, EHUren Mikel Laboa katedraren babesagaz eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren laguntzagaz antolatzen du sari hori Topaguneak.
Estreinakoz, gainera,
I. Kartel Lehiaketa ipini du martxan Euskal Zine Bilerak. Guztira, hamasei lan aurkeztu dira eta irabazlea ere aukeratuta dago. Irabazlearen izena eta kartela Bilboko BBK?aretoan egingo duten ekitaldian emango dituzte ezagutzera.
2015eko apaintze lehiaketako saridunak. Argazkia: Euskal Zine Bilera
Apaintze lehiaketa. 39. Euskal Zine Bileran Lekeitio zinez jantzi nahi dute berriro ere. Horretarako dendariei eta ostalariei zuzendutako III. apaintze lehiaketa jarri dute martxan. Apaintze lehiaketa hau Lekeitioko ostalari eta dendari guztiei zuzenduta dago eta izena emateko epea urriaren 6ra arte zabalik egongo da.
Erakusketa aldia Urriaren 7tik 23ra izango da, eta sari banaketa urriaren 22an, 11:30ean, Barandiaran aretoan.
300 euroko sari bakarra egongo da ostalari zein dendarientzat.