Debegesa Debabarreneko garapen agentziak,
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena eta Obra hidraulikoak sailarekin elkarlanean, doako energia ikuskaritzak egiteko aukera eskainiko die Debabarrena eskualdeko enpresa turistikoei.
Kostuak aurrezte aldera, hain zuzen ere, doako energia ikuskaritzak egiteko aukera izango dute
Debabarrena Turismo elkarteko kolaboratzaileak diren enpresa turistiko guztiek. “Zerbitzuak, berez, 800 euroko bataz besteko kostua du enpresako, baina Debabarrena Turismoko kolaboratzaile direnentzat doakoa izango da”.
Debegesako arduradunek aurreratu dutenez, ikuskaritza horien baitan, egungo egoeraren diagnostikoa eta
energia arloan aurrezteko plana egingo zaio enpresa turistiko bakoitzari. Era berean, saltokiaren eraginkortaun energetikoaren kalifikazioa emango zaie egitasmoan parte hartzen dutenei.
Irailak 30 baino lehen
Ostatuen kasuan, gainera, energiaren atalean Ekoetiketa lortzeko eskatzen diren ingurumen baldintzak betetzen dituzten aztertuko da. “Azterketa hau egiteko, ostatuek aitortutako kudeaketa sistema baten ziurtagiria izan beharko dute (SICTED, Q Kalitate Turistikoa, ISO 9000, EFQM…)”.
Interesa duten enpresa turistikoek barikua [irailak 30] baino lehen eman beharko dute izena
mluisa@debegesa.eus posta elektronikora idatzita, eta lekuak mugatuak izango direla gogorarazi dute. “Izena emateko ordenaren arabera itxiko dugu zerrenda”.
Egitasmoari buruzko informazio gehiago beharrez gero, interesatuek Debegesara deitu (943-82 01 10) edo elkartearen
webgunea bisitatu dezakete.