Puntadaz puntada txikitik eragiten lelopean, Argia Eguna Ondarroara ailegatuko da zapatuan [urriak 1]. Egun osoko jaia izango dela jakitera eman dute
Argia-ko ordezkariek. “Denetarako tartea izango da: jolasa, hausnarketa, musika, berriketa… Aurreko urteetan bezala, eskualdeko eragileekin elkarlanean osatu dugu egitaraua”.
Leloari dagokionez, iazkoari eutsi nahi izan diotela argitu dute: “Euskal hedabideok txikitasunera derrigortuta gaudela dirudi, baina txikitasunak ez du oztopo izan behar; aitzitik, bertutea izan daiteke. Txiki askok gauza handiak lor ditzakete eta”.
Argia Eguna 2015ean, On?atin. Argazkia: Argia.
Jaia ospatzeaz batera,
Argia proiektuaz jardun eta proiektu horren subjektuez ere ariko dira. “Lea-Artibaiko herritar guztiei
Argia hurbilagotik ezagutzeko aukera eskaini nahi diegu”.
Oroimenaren txangoa. 1936an tropa frankistak eskualdean sartu zirela-eta hainbat gertaera gogora ekartzeko txangoa izango da. Txango hori, gainera, Ondarroako Historia Zaleak elkartearen eskutik egingo dute. Parte hartzaileak Itsasaurre plazatik aterako dira, 10:00etan. Eta geldialdiak egiten joango dira. “36ko Gerrako hainbat pasarte lehen eskutik ezagutuko ditugu”.
Zumaiatik etorritako emakume karabana, Galtzuarango bidean. Argazkia: Argia.
2,5 kilometroko ibilbidea izango dela aurreratu dute; “12:00etarako bueltan izango gara”. Txangoa eginez, 36ko Gerran urrea Ondarroatik Baionara txalupetan nola eraman zuten ezagutu, Ondarroan zutik geratutako zubi bakarrenetakoaren ezaugarri bitxiak (Plaiko Zubia) bertatik bertara ikusi eta Saturrarango emakumeen kartzelan preso egondakoek bizitakoak gogoratuko dituzte. “Ez galdu aukera duela 80 urteko basakeriek egindako ebakiak oroimenaren hariaz josteko”.
Oroimenaren txangoaren ibilbidea
2014an berreskuratu zuten
Argia Eguna. Usurbilen egin eta gero, iaz OƱatin egin zuten. Eta aurten, Ondarroa eta ondarrutarrak izango dira jaiaren lekuko.
EGITARAUA (ekintzak Itsasaurre plazan):
- 10:00. Oroimenaren Txangoa Saturraranera, Ondarroako Historia Zaleak elkarteagaz.
- 11:00. Ongietorri ekitaldia.
- 11:15. Jolas hezitzaileak: eskulanak, jolas erraldoia, zesta-punta, Nendo Dango, hankapaloak, dantza tailerra…
- 11:15. Herri eragileen azoka irekiera. Azokarekin batera, Bizi baratzea eta Altza Porru liburuen saltokia eta Jakoba Errekondorekin landareei buruzko kontsultak egiteko aukera.
- 12:00. Argiazaleen topaketa
- 14:30. Herri bazkartia+bertso saioa. Eskualdeko eta garaiko produktuekin osatutako menua. Bazkolostean Bertxio, Twitter bidezko bertso saioa. Bertsolariak: Iratxe Ibarra, Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia. Prezioa: 15 euro (langabetuek, langile prekarioek eta ikasleek 12). Txartelak eskuratzeko: 943-37 15 45 edo denda@argia.eus.
- 17:00. Kale antzerkia: Abarka taldeak Argia Egunerako sortutako Argi-uneak antzezlana.
- 18:00. Euskal Herriko III. Nortasun Agiri Arrotz Jaurtiketa.
- 19:30. Kontzertuak: Jon Basaguren eta Occhi di Farfalla.
- Egun osoan. Trantsizioak erakusketa eta kale animazioa. 12:00etatik 14:00etara Radixu Irratiaren zuzeneko emanaldia, jaigunetik.