Gauerdian ez, datorren astean amaituko dute azkenean hegaluzearen kanpaina. Arrantzaleek ustekabean eta haserre jaso zuten herenegun [irailak 26] harrapaketak bertan behera lagatzeko agindua, eta azken orduotako kexuek iritzia aldarazi diote Espainiako Nekazaritza Ministerioari. Eusko Jaurlaritzaren Arrantza zuzendari Leandro Azkuek BERRIAri jakinarazi dionez, behin-behineko amaiera asteartera [urriak 4] atzeratzea lortu dute. «Ez genuen ulertzen amaiera egun batetik bestera izatea. Ez ziren moduak».
Eguraldi txarra igarota, arrantzale batzuk aste hasieran irten ziren itsasora hegaluze bila, eta euskal kostatik urrun daude: Irlanda hegoaldean eta Frantzia iparraldean. Hiru gasolio tona gastatuta, bi egun eta bi gau beharko lituzkete portura itzultzeko, ziur jakin gabe kuota gainditu duten ala ez. Argudio horri heldu dio Jaurlaritzak Madrilek atzera egin ez zezan eta itsasontziak alferrik buelta ez zitezen. «Aurreikuspenak egin, eta gasolioa, jela eta janaria erosita itsasoratu ziren guztiak, pentsatuz aurretik gutxienez hamar egun zituztela arrantzan aritzeko».
Arrantzaleak gaur-gaurkoz jasaten ari diren «ezjakintasunak» horrelako egoerak sortzen dituela abisatu du Jaurlaritzako ordezkariak
Bizpahiru hil irauten duen kostera izaten da hegaluzearena, eta harrapaketak pixkanaka egiten dira. «Ez da berdelarekin bezala gertatzen: ezinezkoa da egun batetik bestera milioi bat kilo harrapatzea», gogorarazi du Arrantza zuzendariak. Jaurlaritzak, justuki, lau urte daramatza Espainiako Gobernuaren atzetik hegaluze eta antxoaren kuotak erkidegoen artean bana ditzan eskatzen. «Hegalabur, txitxarro eta berdelarekin egiten den moduan».
Bi espezie horiek falta dira banatzeko. Sektoreko kudeaketari on egingo liokeela eta abantailak agerikoak liratekeela uste du Gipuzkoako kofradien idazkari Miren Garmendiak: «Urte hasieran, nork bere plangintza egingo luke, zehazki zenbat arrantza dezakeen jakin dezan». Bestela, «itsu-itsuan» joaten direla dio Azkuek.
Arrantzaleak gaur-gaurkoz jasaten ari diren «ezjakintasunak» horrelako egoerak sortzen dituela abisatu du Jaurlaritzako ordezkariak. «Kuota banatu gabe, guk ez dakigu Asturiasen, Kantabrian, Galizian edota Kanaria uharteetan zenbat harrapatzen duten zehatz-mehatz, datuok ministerioak baititu». Bat dator Garmendia: «Informazioa ezinbestekoa da. Kontsumoaz ohartarazi eta non gauden esan beharko ligukete».
Hegaluzea Ondarroako kofradian
Kanpaina «gazi-gozoa». Honezkero kuota banatuta egongo balitz, herenegungoaren pareko egoerak saihestuko liratekeela deritzote bai Azkuek eta bai Garmendiak. Nahiz eta «modu batera eta bestera» eskatu banaketa bizkor egiteko, bizkarra eman die Madrilek. Hurrengo urterako eskariaren inguruko «erabaki irmo bat» hartzea espero du Azkuek.
Lehen kalkuluen arabera, 10.000 tona lehorreratu dituzte Kantauri itsasoko ontziek, horietatik 5.500 tona euskal arrantzaleek; hegaluze kiloa, batez beste, 3,50 euroren truke saldu da, iaz baino euro bat garestiago ia
Azken arrantza eguna, hortaz, asteartean izango da printzipioz. Lehorreratzeak etenda, harrapatutako kiloak zenbatuko dituzte lehenik, Bruselak Espainiari ezarritako kuota —iazko bera: 15.500 tona— gainditu den egiaztatzeko. Lehen kalkuluen arabera, 10.000 tona lehorreratu dituzte Kantauri itsasoko ontziek, horietatik 5.500 tona euskal arrantzaleek; hegaluze kiloa, batez beste, 3,50 euroren truke saldu da, iaz baino euro bat garestiago ia. Kanarietakoek, berriz, 4.000 tona inguru hartu dituzte, ohi baino dezente gehiago.
Oro har, hegaluze kanpainaren orain arteko balorazioa «gazi-gozoa» da euskal kofradientzat. Hegaluzeak antzina bezala eta banaka-banaka amuarekin harrapatu arren, bi sistema diferente erabiltzen dituzte ontziek: bata, beita biziarekin; eta bestea, plastikozko olagarro txikiekin. Biek ala biek oso bestelako emaitzak eskuratu dituzte aurten. Azkueren hitzetan, beita bizidun ontziek —gipuzkoarrek— azken hamarkadako kanpaina onena izan dute, eta kazan dabiltzanek —bizkaitarrek—, berriz, kaskarrena. «Zoritxarrez, muturreko bi kasu ezagutu ditugu: batzuentzat, oso ona izan da, martxa hartzea kosta bazitzaien ere; eta besteentzat, hondamendi hutsa!», deitoratu du Azkuek.
Espeziearen migrazio aldaketek eragin dute alde hori. Atlantikoan ohi baino hegaluze gutxiago ibili da, eta kazan aritzen direnei kalte egin die, normalean hara jotzen dutelako. Kostatik hurbilago aritzen dira ontzi handiak. Azkue: «Bizkaiko Golkoan erraz sartu da hegaluzea, eta portutik hiruzpalau ordura arrantzatu dute».