Mutrikuko Mijoa auzoan barikuan [irailak 30] hasiko dituzte San Jeronimo jaiak, eta asteburu osoan jo eta su ibiliko dira ospakizunetan. “Aurten San Jeronimo eguna barikuan denez, jaiak jarraian ospatuko ditugu. Hurrengo hiru egunetan giro ederra egongo da auzoan, denok ondo pasatzera gonbidatuta zaudete”, nabarmendu dute jai batzordeko kideek.
Barikuan ospatuko dute jaiegun handia auzotarrek, eta jaien hasiera iragartzen duen txapliguak eztanda egin ondoren, auzoko ermitan egiten den mezatan batuko dira auzotarrak eta inguruko herrietakoak. Udalak jakitera eman duenez, gainera, San Jeronimo Eguneko ospakizunetara joateko autobus zerbitzu berezia egongo da, Mutrikutik Mijoara. “Mezatara joan eta ondoren izango den herri kirol saioaz gozatzeko aukera eman nahi diegu herritarrei”.
Bidaia bakoitzak 50 zentimo balioko ditu, eta honakoa ordutegian irtengo du autobusak. Biribulgune aurreko autobus geltokitik Mijoarantz 10:45ean, 12:00etan eta 14:00etan aterako da autobusa, eta herrira buelta egiteko, ordea, 12:10ean eta 14:10ean.
Ohi modura, meza ondoren herri kirolen erakustaldia egongo da. Alde batetik, Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza binakako urrezko aizkorako txapeldunak aizkoran ariko dira, eta, bestetik, Mutrikuko Sokatira Taldeko kideak lokotx batzen, lasto altxatzen, lasto jaurtitzen, trontzan, ingudea altxatzen eta gurdia eramaten arituko dira, besteak beste.
Eguerdiko atsedenaldia eta gero, familia giroan ospatuko dute San Jeronimo Eguneko arratsaldea. Pailazoen ikuskizuna egongo da, eta jarraian, Ibiriko poney gainean ibili eta zezen txikien aurrean saltaka ibiltzeko aukera izango dute gaztetxoek. Tartean, gainera, aspaldiko urteotan egin bezala Patxilin de Isasi auzoko toreatzailea ere han ibiliko da han batuko direnen irribarreak sortzen.
San Jeronimo Eguneko proposamenak berriz, kontzertuekin amaitu dira. Su eta Belar talde mutrikuarrak Su Ta Gar taldearen hainbat kantu bertsionatuko ditu eta ondoren, Tximeleta taldearen erromeriak girotuko du plaza.
San Jeronimo auzoko txosnako boluntarioak
Zapatuan [urriak 1], berriz, bertso afaria egingo dute Julio Soto eta Iker Zubeldia bertsolariekin, eta nahi duten guztia bertaratzeko gonbidatu dute. “Sarrerak aurrez erosteko aukera ere egongo da Arrieta autozerbitzuan (Mutrikuko Goiko Eroskin), 20 euroren truke. Bestela, San Jeronimo Egunean txosnan bertan ere lortu ahalko dira”.
Domekakoa [urriak 2] izango da auzotarrentzako “egunik bereziena”. Betiko modura, bateko zein besteko auzotarrek hutsik egiten ez duten eguna izaten da. Eguerdian, besteak beste, herri kirol eta jolasak egingo dituzte auzoko gazteen artean, eta jaiei bukaera emateko, auzotarrak bazkaritan batuko dira.
EGITARAUABarikua [irailak 30], San Jerononimo Eguna
10:30. Jaien hasierako txupinazoa
11:00. Meza
Ondoren. Aitzol Atutxa eta Aratza Mugertza aizkolan ariko dira eta Mutrikuko Sokatira Taldeako kideek, aldiz, herri kirolen erakustaldia egingo dute.
17:00. Tomaxen abenturak ikuskizuna.
18:00. Ibiriko poney eta zezen txikiak.
23:00. Kontzertua: Su eta Belar eta Tximeleta.
Zapatua [urriak 1]
21:30. Julio Soto eta Iker Zubeldiarekin Bertso afaria.
Domeka [urriak 2]
12:30. Meza.
Ondoren, herri kirol eta jolasak auzoko gazteen artean.
Jarraian. Zozketa.
Goiz guztian. Puzgarriak umeentzat.
14:30ak bueltan. Auzo bazkaria.
[IAZKO ARGAZKI GALERIA]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.