Antolaketa errazteko aurretik izena ematen dute kuadrillek, eta jakitera eman dutenez, aurten 238 pertsonak eman dute izena (martitzenean amaitu zen apuntatzeko epea).
Zapatuan kuadrilla bakoitzeko bi pertsona 10:00etarako aurkeztu beharko dira, mahaiak jartzeko eta antolatzeko. Betiko moduan, plastikozko platerak eta edalontziak, eta paperezko ezpainzapiak udalak jarriko ditu.
Goizean bazkaria prestatzen ariko dira, eguerdiko kantu poteoagaz murgilduko dira jai giroan. Era berean, bazkalostean ere dantzan eta kantuan aritzeko aukera izango dute trikitilariei esker.
Arratsaldean bolo txapelketan, txapel jaurtiketan eta soka saltoan lehiatuko dira kuadrillak. Urtero moduan, barre-algara artean ondo pasatzeko aitzakia izango dira aipatu lehiak.
Banakako bolo txapelketan parte hartzen dutenek, bina euro ordaindu beharko dituzte. Eta binakakoan, bikoteko lau euro ordaindu beharko dituzte. Bestalde, txapel jaurtiketaren izen emotea ere bi eurotan jarri dute.
Hitzordu berezia
2007an Jai Batzordearen ekimenez hasi ziren ispastertarrak lagunartean batzeko ospakizunagaz, eta gaur egun, herrian oso errotuta dagoen jai egun bihurtu da.
Urriko lehen asteburua egutegian gorriz markatuta dute. Herritarren arteko harremena sendotzeko balio du Kuadrilla egunak. Giro berezia sortzen da herrrian, eta egun pasa ederra egiteko aitzakia da adin guztientzako bizilagunentzat. Izan ere, gazte, heldu, zahar… adin guztietako herritarrak elkartzen dira bazkaritan, denak ondo pasatzeko asmoagaz.
Egitaraua:
- 10:00: Koadrilen arteko bazkaria prestatzen hasiko dira.
- 13:00. Trikitilariekin kantu poteoa.
- 15:00. Kuadrilen arteko bazkaria.
- 16:30. Kantu eta dantza trikitilariekin.
- 17:30. Afarien zozketa.
- 18:00. Bolo txapelketa.
- 20:00. Txapel jaurtiketa. Ondoren, soka saltoa.