Herriko erakusleihoak zinemaz janzteko dei egin dute
39. Euskal Zine Bilerak irauten duen bitartean, bileraren giroa zine aretotik kanpo zabaldu eta Lekeitio guztia zinemaz janzteko asmoz, herriko dendari eta ostalari guztiei zuzendutako apaintze lehiaketa antolatu du Lekeitioko Udalak. Dendak, tabernak ...
Hiru izango dira denbora tarte horretan lehiaketan parte hartzen duten merkatari eta ostalari guztien erakusleihoak ikusi eta epaituko dituzten epaimahaikideak: Mertxe Arrizubieta kultur zinegotzia, Euskal Zine Bilerako lantaldeko Joseba Zuberogoitia eta Zinemazaleen elkarteko David Madarieta.
Epaimahaiak, batez ere, kakoari erreferentzia egiten dioten apainketak hobetsiko dituela aurreratu dute. Izan ere, azaldu zutenez, kakoaren irudia erabiliko du Euskal Zine Bilerak jendea euskal zinemara erakartzeko. «Lekeitio euskal zinemagintzaren portua, saretu, zinegileak erakarri, harrapatu edo arrantzatu…».
Sari bakarra
Aurreko urte bietan egindako lehiaketetan 150 euroko bi sari zeuden jokoan: dendariei zuzendutako Klaketa saria eta ostalarientzako Bobina saria. Aurten, ostera, bi sariak bat egingo dituztela jakitera eman du udalak. Horrela, 300 euroko sari bakarra egongo da ostalari zein dendarientzat.
Iaz Loli Andikoetxeak (Bonilla Argazki denda) eta Xabi Gualde Baezak (Betia Barri Jatetxea) jaso zituzten Apaintze Lehiaketako sariak. Lehen urtean, berriz, Yolanda Casco Sanchez (Arranegiko Estankoa) izan zen Klaketa sariaren irabazlea, eta Bobina sariaren irabazleak, ostera, Xabi Gualde Baeza eta Iñigo Barainka Pajon (Betia Barri Jatetxea).
Hirugarren urtez egingo den lehiaketan parte hartu nahi dutenek zabalik daukate izena emateko epea. Urriaren 6ra arte eman ahalko dela jakitera eman dute antolatzaileek. Horretarako, kultur etxera joan behar da, beti ere, arratsaldez.
Informazio gehiago nahi dutenek, beste alde batetik, zinebilera@zinebilera.com helbide elektronikora idatzi dezakete, edo, bestela, 94-624 34 82 telefono zenbakira deitu.