Esteban Irusta Mallea: 'Malba Tahan'
Malba Tahan ezizenez ezaguna zena Rio de Janeiron (Brasil) 1895an jaio zen eta 1974an hil. Bere jaiotzako izena Julio Cesar de Mello y Souza zen, baina bere ezizena ofizialki onartua izan zen. Ospe handiko idazlea izan zen, batez ere matematikazko zientzietan. Bere bizitzaren kontalari batek dio bera zela matematiketako irakasle bakarra futbolari batek besteko fama lortu zuena. Ipuinliburu asko idatzi zituen, baina ospetsuenak matamatikari lotutakoak dira. Tartean eta ezagunena El hombre que calculaba.
Bere helburua zientzia horren zaletasuna handitzea izan zen. Ez dakit zenbateraino lortu zuen. Gure inguruan, matematikak ez du sinpatia handirik ikasleen artean. Bere ustez, Brasilgo irakasleen irakasbideak, matematiketakoak batez ere, ez ziren egokienak. Bere esaldi hau ezaguna egin zen: «Matematiketako irakaslea sadikoa da. Hau da; ikasleak sufritzen ikustea, ikasgaiak korapilatzea, zailtzea maite duena». Esaldi gogorra benetan. Hori adierazi zuenetik urte batzuk pasa dira, eta irakasteko metodoak asko aldatu dira. Behar bada ez berak nahiko zuen beste, bere metodoak oso bereziak eta originalak baitziren. Ospetsua da bere ipuin baten, hiru anaik zuten arazoari ematen dion irtenbide originala. Hiru anaiak gurasoengandik 35 gamelu jaso zituzten herentzian. Zaharrenak erdiak jaso behar zituen. Bigarrenak herena, eta gazteenak bederatzirena. Baina beraien artean ez ziren konpontzen. Zaharrenari hamazazpi gamelu eta erdi tokatzen zitzaizkion. Bigarrenari hamaika eta zerbait gehiago. Gazteenari hiru eta beste baten zatia. Eztabaida gogorra zuten, irtenbiderik aurkitu ezinik. Une horretan agertzen da gure matematikoa bere lagun batekin,e ta jabeturik hiru anaiek konpondu ezinik jarraitzen zutela, berak konponketa erraza zuela agertu zien: 35 gameluei beraiek zeramatena gehituko zien, eta horrela 36 izanik, denak irabazten aterako ziren. Laguna, ordea, kezkatuta gelditu zen gamelu gabe bidaiatu ezinik geldituko zirela pentsatuz. Ez arduratzeko esan zion lagunari, eta 36rekin zatiketa samurra eginez, emaitza zehatzak ateratzen ziren. Anaia zaharrenari pozik egoteko arrazoia zuela esan zion, zatiketa berriarekin hamazazpi gamelu eta erdiren ordez hamazortzi gamelu izango zituelako. Bigarrenari beste hainbeste esan zion, hamaika gamelu eta beste baten zatiaren partez, hamabi bereganatuko zituelako. Eta hirugarrenari, gazteenari ere pozik egoteko arrazoiak zituela esan zion, irabazten irteten zuelako; hiru gamelu eta zati baten ordez, lau hartuko zituelako. Hiru anaiok, beraien arteko haserreak alde batera utziz, pozik gelditu ziren, eta zer esanik ez bi lagunak egoera berriarekin; eraman zuten gamelu baten ordez, birekin gelditu zirelako. Pozaz aparte, banaketa berri horrek txunditurik utzi zituen hiru anaiak eta baita bere laguna ere. Baina eragiketa matematikoak emaitza horiek ematen zituen. 18+12+4=34 dira, eta beste bi gehiago gelditzen zirenez, laguna bere gameluaz gelditu zen, eta bestea beretzat hartu zuen. Denak pozik gelditu ziren egindako banaketaz, eta horrela amaitu ziren anaien arteko haserreak. Beste aldetik, bi lagunak bere bidea jarraitu zuten, bakoitzak bere gameluarekin. Ipuin honek zer pentsa ematen du. Askotan, bizitzan, irtenbide samurra duen arazo baten aurrean ez dakigu zailtasunak sahiesten eta beste batzuetan gure burugogorkeriek ez digute uzten irtenbide samur bat aurkitzen.
Malba Tahanen ipuinak benetan bitxiak dira. Beste bat barraskilo batek bost metroko hormaren igoera kontatzen duena da. Marraskiloaren asmoa hormaren beste aldera pasatzea zen. Horretarako, egunero 3 metro igotzen zituen, baina gauez (barraskiloaren kapritxoa) 2 metro behera egiten zituen. Beraz, egun bakoitzean metro bat gora egiten zuen. Zenbat egun beharko zituen horma gainera igotzeko? Bat-batean, lehenbiziko erantzuna bost egun beharko zituela izango zen. Baina polikiago pentsatuz konturatuko gara ez dituela bost egun behar horma gainera iristeko; aski ditu hiru egun.
Behar bada eskolako haurrei horrelako ariketak jarriz, matematikarenganako zaletasuna handitzea lortuko zen. Hori izan zen Maba Tahanen helburua. Ezagutu ditugu horrelako edo antzeko ariketa matematikoak dakartzaten testu liburuak. Baina sarritan ez dira ugarienak izaten eskoletan, eta gai honek zaletasun gutxi izaten jarraituko du. Azkarregi bizi gara, gogoetarako behar besteko astirik hartu gabe…