Ondarroako Gure Esku Dago herri ekimenak antolatuta, Parte hartukot jaialdia egingo da zapatuan [urriak 15], 21:00etan, Zubi Zaharraren parean.
Jaialdiaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, 2017ko udaberrian Lea-Artibai eskualdean egingo den herri galdeketa girotzeko gala izango da. “Parte hartukot jaialdia, hain zuzen ere, udaberria ailegatu bitartean aurreikusita ditugun ekimen desberdinetako lehenengoa izango da”, adierazi du Josu Etxaburu Gure Esku Dago-ren ordezkariak. Jaialdiarekin berarekin herritarren parte hartze aktiboa bultzatu nahi dutela gogorarzi dute. “Jaian parte hartzeko modu asko daude. Alde batetik, artisten parte hartzea dago, eta bestetik, herritarrena”.
Jaialdiak, gainera, Ondarroako Udalaren laguntza izango du. “Honelako ekimen bat Ondarroako Udalaren laguntza barik ezingo genuke egin. Udalari jaialdia mahai gainean ipini genionean, baiezkoa berehala eman zigun. Honen aldeko apustua egin du, eta gure izenean udalari emandako laguntza eskertu nahiko genioke”.
Zapatuko jaialdiari dagokionez, bestalde, musika, antzerkia, dantza, olerkia eta beste hainbat kultur diziplina uztartuko dituen ekimen oso dinamikoa izango dela aurreratu dute. Herriko hainbat taldetako 100 lagunetik gora batuko dira agertoki gainean. Fede Badiola jaialdiaren zuzendariak adierazi duenez, jaialdia bera oso berezia izango da. “Argi eta soinuagaz lagunduta egingo da jaialdia, eta tartean, hainbat ezusteko egongo dira”.
Herritarrak Parte hartukot jaialdirako deia egiten
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, gainera, bertan parte hartuko duten guztiak herritarrak izango dira. “Gauza bat nahi genuen egin, baina egin nahi genuen hori herritarrekin egin behar genuela argi genuen”, gaineratu du Etxaburuk.
Antolatzaileek gainera, ez ohikoa antzokia aukeratu dute jaialdirako. Zubi Zaharra eta bere ingurua, hain zuzen, estalperik gabeko antzoki bihurtuko dira zapatuan. Eremua paregabea dela kontuan hartuta, eta Zubi Zaharrak berak herrian duen garrantzia kontuan hartuta aukeratu dute lekua bere ere. “Ez dugu behar atrezzo edo apaingarririk, argiekin eta iluntasunagaz jokatuta tokia bera ikuskizun bihurtuko da”, gaineratu du Badiolak.
Zubi Zaharraren azpian agertoki erraldoi bat ipiniko da, eta Kirrixki taberna paretik atzera, 400 bat aulki ipiniko dira, Zubi Zaharrari begira. Nahi duenak, gainera, petrilean ere esertzeko aukera izango du. Agertokiaz gain, Kofradia Zaharreko hegalean pantaila erraldoi bat ere ipiniko da, eta bertan Josu Eizagirrek prestatu dituen irudi batzuk ere proiektatuko dira. Tartean, herriko hainbat eragilegaz eta norbanakogaz batera grabatutako bideoa estreinatuko da.
https://www.youtube.com/watch?v=oNGQ58PI5wU
Antolatzaileek aurreratu dutenez, ordu eta laurden inguruko jaialdia izango da, eta herritarrei arropa beroagaz etortzeko deialdi berezia egin diete. “Gauden sasoin gaudela kontuan hartuta, zapatu gauean hotza egin dezakeela uste dugu. Beraz arropa beroa, berokia edo manta ekartzea gomendatzen dugu”.
Azkenik, eguraldi eskasa balego jaialdia beste egun batera atzeratuko luketeela nabarmendu dute. «Eguraldi txarrik ez dago iragarrita, baina eguraldia okertu balitz, eta eguraldi txarra baldin balego, bertan behera lagako genuke ekimena. Ekimena bertan behera geratuko balitz, azaroaren bukaera aurretik egingo litzateke jaialdia».
900 sinadura. 2017ko udaberrian galdeketa egin aurretik, ostera, hurrengo pausoa 900 ondarrutarrek herri galdeketa bat egin nahi dutela ziurtatzen duen dokumentu bat sinatzea izango dela aurreratu dute GED kideek. “Sinadura bilketa bat etorriko da, eta horretarako, 900 sinadura batu beharko ditugu. Hori egin eta gero, eta modu paralelo batean, beste gauza asko antolatu beharko dira, dena herri galdeketa esanguratsu batera ailegatu ahal izateko; eskualde mailan galdera zein izango den adostu beharko dugu guztion artean”.
Ondarroako Parte hartukot jaialdia
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.