2016ko urriaren 15ean Parte hartukot jaialdia antolatu dugu Gure Esku Dago Ondarroako herri ekimeneko kideok. Hilabete luzeetako hausnarketa, lana eta konpromisoa behar izan du aipatu jaialdiak, eta dagoeneko «parte hartukot» esaldia ondarrutarron artean zabaldu da.
Zoriona eta esker ona da jaialdia bukatu eta gero jaso genuen saria, a zelako saria!!! Diruz ordaintzen ez den horietakoa, sentimenduetatik ateratzen dena, bene-benetakoa dena, zirrarak eta emozioak sortuz azaleratzen dena.
Zorioneko gaua izan zen, eta harro sentitzen gara zorion hori herri osora zabaltzeko gai izan bagara. Ekimen askotan ez bezala, eguraldia ere lagun izan genuen, eta jarritako 400 aulki motz geratu ziren. Herritarrak Parte hartukot zer izango zen ikusteko gogoz bertaratu ziren, eta han bertan hainbatek jaialdiaren izenburuari erantzuna aurkitu zioten: jaialdian parte hartzeaz gain, udaberrian Lea-Artibain egin nahi dugun herri galdeketan «neuk be parte hartukot». Hori zen mezua, eta hauxe konpromisoa!
Jaialdia herritarrok herriarentzat egindakoa izan behar zuela argi izan genuen lehen unetik. Talentu handidun herria gara, eta talentu handidun herritar ugari ditugu. Eta horri bai norbanakoek eta baita ere taldeek agertu duten prestutasuna gehitzen badiogu, bere zailtasunean erraza izan da Parte hartukot antolatzea. Esker ona geurea da!!!
Herritar ugari hurbildu zaizkigu euren iritzia emanez, herritar ugarik ikusi ahal izan dute Gure Esku Dagok pertsona asko biltzeko gunea eskaini dezakeela, eta horren adierazle garbiena jarritako bideoa izan zen. Pentsaera desberdinetako jendea, ibilbide desberdineko jendea, ondarrutarrak guztiak eta baita euskal herritarrak ere. Aniztasunaren munduan, gurea ere aniztasuna bildu, eztabaidatu eta adostasunetara iristen lagunduko duen gunea izatea nahi dugu: inor arrotz sentituko ez den topaleku.
Ondarroako GED-k eskerrak banatu nahi ditu: eskerrak eszenatokian izan genituen artistei, eskerrak euren lan isilarekin guzti hau bideratu zutenei, eskerrak ideiaren sortzaileei, eskerrak guztia lotzeko erronkari baiezkoa emandakoei, eskerrak hilabete luzeetan arratsalde-iluntzetan Parte hartukot sortzen lagundu diguzuenoi eta batik bat eskerrak ondarrutarroi. Zubi Zaharra eta inguruak anfiteatro txiki bat bihurtu genuen; berezko edertasunari ondarrutar askoren ametsa lotu genion: jende zoriontsua herri libre batean.
Asko dugu egiteko, baina «danon artin eingou».
–Josu Etxaburu Osa. Ondarroako Gure Esku Dago herri ekimenaren izenean.
[JAIALDIKO ARGAZKIAK ETA BIDEOA IKUSGAI]