Mahaiaren inguruko kantari taldea
Lagunartean kantuan jarduteko asmoz, 140 lagun inguru batu ziren zapatuan, Markina-Xemeinen. Dantzarako eta ondo pasatzeko aukera ere eskaini zuen Hego Haixe kantu bazkariak.Kantuz, dantzaz eta giro onez bete zen joan den zapatuan Lea-Artibai Ikastetxe...
Lagunartean kantuan jarduteko asmoz, 140 lagun inguru batu ziren zapatuan, Markina-Xemeinen. Dantzarako eta ondo pasatzeko aukera ere eskaini zuen Hego Haixe kantu bazkariak.
Kantuz, dantzaz eta giro onez bete zen joan den zapatuan Lea-Artibai Ikastetxeko jantokia. Hirugarren urtez jarraian, Hego Haixe kantu bazkaria ospatu dute bertan Markina-Xemein eta inguruko herrietako kantuzaleek, eta ondo pasatzeko aukerarik ez zuten galdu.130 kantuzale izena emanda bazeuden ere, 140 elkartu ziren azkenean. Gero eta gehiago dira. Izan ere, urtez urte goraka doa parte hartzea.
Eguerdian herrian zehar kantuan ibili ondoren, Henrike Arriagak eta Aitor Urriolauzokoak txalaparta doinuekin eman zieten ongietorria kantuzaleei, eta ondoren, Nerea Egañak aurreskua dantzatu zien. Horiez gain, musika talde ezberdinak eduki zituzten kantuan lagundu eta bazkalostea alaitzeko.
Musika, aukeran
Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariek atera berri duten Bidea hauspotzen izeneko diskako kantak eskaini zizkieten alde batetik, eta Eibarko Os Galeicos taldearen folk doinuak ere izan zituzten. Eibarko Galiziar Etxeko zazpi musikariek, gainera, euskara eta galiziera nahasten zituen kanta bat ere jo zuten.
Urtero legez, aurkezlea Angel Mariezkurrena izan zen, Aitor Ibarra Jalisco eta Francisco Santxotena musikariek lagunduta.
Photocall-a ere eduki zuten argazkiak ateratzeko, eta banaka, binaka zein taldeka animatu ziren marko barruan sartu eta argazkia ateratzera.
Sukaldean Peñaskal Kooperatibakoak eduki dituzte. Pedro Aranguren eta Cristina Anitua izan ziren sukaldariak, eta kooperatibako ikasleak ibili ziren laguntzen: Alen Urresti, Alatz Bedialauneta eta Fanta Diatta.
Zerbitzen ere fin aritu ziren Miren, Maite eta Iñaki Sainz eta Gari Salcedo, eta guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete Amaia Ezenarro eta Lorea Sainz antolatzaileek.