Historio batean bi bertsio dauela esan ohi da. Atariko kontuetan, zirkulazio istripuetan edo bukatutako maitasun kontuetan. Nork kontatu, hala kontatzen du.
Ekuazio honetan komunikabideak sartzen direnean, lekukoen bertsioez gain, komunikabideen interesak, kazetarien filia eta fobiak, gobernuen presioek eta abarrek bertsio berriak sortu, bultzatu edo airatu egiten dituzte.
Ohituak gaude komunikabideak objektiboak direla entzuten, demokraziaren zutabe nagusietatik, ez dutela interes edo presioen arabera jokatzen…
Errealitatea eta errelatoa, sarritan, ez datoz bat ostera. Errelitatea da Altsasun liskar bat gertatu zela. Noiz eta non inguruan badago adostasuna. Nola eta zergatik beste kontu bat da. Nik ez dakit, naiz eta nire filiak eta fobiak tarte, bertsio bat beste bat baino sinesgarriagotzat jo. Denok egiten dugun bezala.
Baina errelatoa, komunikabideen errelatoa… ai, hori beste kontu bat da. Ez da egongo pertsona bakarra Hego Euskal Herriko probintzietan, ezta espainiar estatuan Altsasu non dagoen eta zer gertatzen ez omen dakienik. Behin eta berriz entzun dugu Altsasu, Altsasu, Altsasu. Eta gertatu, gertatu zen.
2016. urteko martxoa. Huescan lau gazte espetxeratzen dituzte Espainiako guardia zibil bat autoz eta ustez nahita hiltzeagatik. Ez dut honen berri hitz larritan inon irakurri.
Leongo (Espainia) LE-30 autobidean, zubi baten azpian dagoen espainiar guardia zibil patruila baten aurka harritzar bat jaurtitzen dute, zauriturik sortu gabe. Ez dut honen berri ahots larritan inon entzun.
2016. urteko apirila. Otsailean bere aurkako pintada mehatxukorrak agertu ostean, espainiar guardia zibil baten kotxea erretzen dute etxe aurrean, Noveldan (Alacant). Erasotuak bere familiaren bizia arriskuan ikusi zuen. Ez dut honen berri bideo larritan inon ikusi.
Iaz 50 espainiar guardia zibil baino gehiago erasotuak, kolpatuak, iraunduak, zaurituak izan ziren. Ezer irakurri, entzun edo ikusi duzue?
Errelatoa eta errealitatea. Errealitatea zazpi gazte espainiar espetxetan sartu dituzte. Errelatoa… bakoitza bere etxean hobeto. Gazteak Altsasun eta besteak, beraien etxeetara alde hemendik.