Esteban Irusta Mallea: 'Itxurak eta errealitatea'
Gaur egun inoiz baino garrantzi handiago ematen zaie itxurei. Zalantza gabe itxurek bere garrantzia dute. Denok gozatzen dugu paisaia ederrekin, marrazki ederrekin, mota guztiko arte ederrekin, ikuspegi, irudi ederrekin. Nahiago ditugu naturak oparitzen dizkigun ikuspegi zoragarriak eta gizakiak egiten dituen eraikuntza ikusgarriak, gizakiak berak, beste aldetik sortzen dituen beste ekintza itxusiak, zatarrak baino.
Izakiaren eraginez, naturaren berezko edertasuna asko hondatu da. Sarri, herri arteko gudak sortzen dituzte hondamendi oso larriak,komunikabibeetan sarri ikusten ditugun irudiak erakusten diguten bezela. Gure begi aurrean agertzen diren irudiak ez dira ikusteko oso atseginak. Errealitatea oso gordina da eta ez da harritzekoa gizakiak nahiago izatea errealitate horren alde dotorea edo polita azaltzea.
Gero eta garrantzi handiago ematen zaio irudiari, itxurari. Bizitzaren arlo guztietan inoiz baino ahalegin gehiago egiten da irudi ederra, itxura polita agertzeko. Hasiera baten, beste informaziorik, beste argibiderik ez izatean, lehenengo begi kolpean, agerian ikusten dugunaz gelditzen gara. Horregatik gizarteak gero eta garrantzi handiagoa ematen dio gai honi. Gizakiok asko baloratzen dugu geure ingurukoak atseginak izatea, nahiz eta jakin irudi hutsa erakusten digutela. Inori ez zaio gustatzen jende desatseginarekin bizitza partekatzea; ez da batere gozoa. Bakoitzaren bizitzan eragin handia dauka inguruak. Inguru hau atsegina, gozoa, positiboa, baikorra baldin bada, eragin garrantzitsua dauka gure bizitzaren honerako. Haurtzaroan, gehienbat, inguru atsegina, irudi positiboa, baiezkorra, oso garrantzitsua da. Eragin handia dauka bere ondorengo bizitzan, nahiz eta jakin, azaltzen zaion errealitatea ez dela benetakoa, ez dela egiazko errealitatea. Kasu hauetan errealitatea ezkutatzeak ondorio onak dauzka. Horregatik gizakiak garrantzi handia ematen dio irudi atseginari, itxura politari, gozoari, pozgarriari, bere ondorioak oso positiboak direlako gure bizitzan. Iraganean, orain, gizakia gizaki denetik, beti erabili du itxura onura edo probetxu bat lortzeko helburuarekin. Baina beste kasu askotan, itxura erabili du errealitatea ezkutatzeko, zoritxarreko ondorioak eraginez.
Une honetan, garai honetan, onartua dago izen handiko enpresak erabiltzen duten mota guztietako iragarkiak, publizitatea, beraien produktuak saltzeko. Publizitate munduan bizi gara. Produktu guztiak jakitera emateko nahi eta nahiezko lana egin beharra dago. Lehia horretan, norgehiagoka horretan ari dira denak, eta ondoren, bakoitzari tokatzen zaigu, aurkezten zaiguna arretaz aztertzea.
Azterketa zailagoa da pertsonen arteko harremanetan pertsona bakoitzaren izaera, portaera, nortasuna jakiteko. Batez ere, kultura desberdineko pertsonen artean. Garai baten, ezkontzak, adibidez, auzo berdineko, herri berdineko edo ingurukoen artean izaten ziren. Ezagutza handia zegoen beraien artean. Hala eta guztiz ere, dena ez zen atsegina, poza, zoriona, herri kantek azaltzen duten moduan. Horietako batek honela dio: «Ezkongaietan zerbait banintzan, ezkondu eta ezer ez. Ederzalea banintzan ere, aspertu nintzan ederrez. Nere gustua egin nuen eta orain bizi naiz dolorez». Eta beste batek: «Plazan eder eta galant, ezkondu artean. Ni ere hala nintzan denbora batean. Zenbait ikusten ditut ezkondu eta gero esanaz dabiltzala: Ai!, libre banengo».
Senarrek emazteen kontra eta emazteek senarren kontrako egiten duten kantak asko dira. Horrek adierazten du garai guztietan izan direla arazoak. Arazo hauek ez direla gutxitu ematen du, dauden banaketak kontuan hartzen baditugu. Harreman pertsonalak zabaldu egin dira munduan zehar. Mundu guztiko pertsonekin ezagutza izateko aukera dugu. Honek bere abantaila ematen du. Aukerak ugaritu egiten dira. Gaur egun normala da herritar bat munduan urrutien dagoen herritar batekin ezkontzea. Baina kultura batekoa edo bestekoa izan gure lagunkidea, erabaki garrantzitsuak hartzeko unean ezin gara bakarrik itxuran oinarritu.