Txorientzako jantokiak eraikitzeko tailerra egingo da zapatuan [azaroak 26] Mutrikun, Euskal Kostaldeko
Geoparkeak eta
Txantxangorri Aisialdi Taldeak elkarlanean antolatuta. Hitzordua Zabielen ipini dute, 11:00etan, eta 14:00ak arte luzatuko da ikastaroa.
Antolatzaileek iragarri dutenez, ikastaroa bi zatitan banatuta egingo da. Lehen eta behin, materialak berreskuratuz eta birziklatuz, txorientzako jantokiak egingo dituzte parte hartzaileek, eta, jarraian, herriko lorategi bateko zuhaitzetan kokatuko dituzte.
Nabarmendu dutenez, jarduerarekin helburu bikoitza lortu nahi da; batetik, neguan hegaztiei elikatzeko laguntza eskaintzea eta, bestetik, gaztetxoek behaketaren bidez hegaztiak identifikatzen ikastea eta txorien inguruko ezagupena zabaltzea.