Mutrikuko Jauja eskubaloi taldeko kideak taldearen 30. urteurrena ospatzen ari dira, eta antolatu dituzten ekitaldien artean, etzi [abenduak 3], 12:00etan, goi mailako partida antolatu dute, Mutrikuko kiroldegian.
Hain zuzen ere,
ohorezko mailan dauden bi euskal taldek jokatuko dute lagunarteko partida. Zehatz esanda, bi euskal talde egongo dira aurrez aurre: Donostiako Super Amara
Bera Bera taldea (ohorezko mailako lehen sailkatua) eta Barakaldoko
Prosetecnisa Zuazo (ohorezko mailako laugarren sailkatua).
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, giro polita egongo da partidan. “Goi mailan dauden bi euskal talde egongo dira aurrez aurre Mutrikun. Bi taldeek gure omenez jokatzea erabaki dute, euren borondatez. Eta gure ustez, urteurrena ospatzeko partida hoberik ezingo da jokatu”. Jaujakoek gaineratu dutenez, partidak ez du sarrerarik izango. “
Doakoa izango da sarrera, baina nahi duenak borondatea emateko aukera izango du, sarreran ipiniko diren otarretan”.
Mutrikuko Jauja eskubaloi taldearen erakusketa. Argazkia: Joseba Palenzuela
Partida bukatu eta gero, berriz, bazkaritan batuko dira Jaujako parte izan diren hainbat herritar. Antolatzaileek aurreratu dutenez, 90 bat lagun batuko dira Arku Gain elkarte gastronomikoan egingo duten bazkaritan.
Azken aukera. Jaujakoek gogorarazi dutenez,
Jaujaren 30 urteko Historia argazki eta bideo erakusketa ikusteko azken aukera bihar [abenduak 2] izango da. Erakusketa zabalik dago Zabiel kultur etxean, 18:00etatik 20:00etara.
30 urteko ibilbidea jaso dute erakusketan, eta antolatzaileek adierazi dutenez, jende asko igaro da erakusketatik. Besteak beste, hainbat argazki zahar, oroigarriak, baloiak, jokalari guztien fitxak, Eskubaloi Eguneko argazkiak eta jokalariek erabilitako kamiseta guztiak ere ikusgai ipini dituzte. “Ahalik eta material gehien jasotzen saiatu gara”.