Amets Txurruka Lagunartiek antolatzen duen XII. Merezimendu Sariak Nahia Quincoces eskiatzaile mendexarra eta Amets Txurruka Etxebarriko txirrindularia jarriko ditu aurten, aurrez aurre, Markina-Xemeingo Zelaian. Nahia Quincoces roller skiekin eta Amets Txurruka bizikletagaz neurtuko dira, zapatuan [abenduak 3], 16:30ean egingo den proban.
Besteak beste, Orkatz Beitia atletak, Txus Jaio pilotuak eta Txomin Arana moto gidariak parte hartu izan dute Txurrukaren kontrako dueluetan. Oraingoan, mendexarrak gainditu beharko du Etxebarrikoa lagunarteko kirol proba berezian.
Nahia Quincoces eskiatzaile mendexarra eta Amets Txurruka Etxebarriko txirrindularia.
Urtero modura, Txurrukaren azken denboraldiaren errepasoa egingo da ondoren, Uhagonen, eta Quincocesen jarduna ere ezagutzera emango dute, sari banaketagaz amaitzeko. Chandal Records-en umorez betetako ikuskizuna ere egongo dela aurreratu du Amets Txurrukaren Lagunartiek. 18:00etan hasiko da ekitaldia.