Bertso saio, magia ikuskizun, ipuin, kalejira, kantu eta dantza artean etorri da Euskararen Eguna. Gaur [abenduak 3]. Euskaraz jardun eta euskaraz bizitzeko desioz beterik. Kantujiran atera dira Mutrikun eguerdian, kalerik kale; Markina-Xemeinen bertso paper lehiaketaren sari banaketa egin dute Kontzekupean; Munitibarren Probatu eta gozatu! jolastu euskaraz! ikuskizunaz gozatu ahal izan dute gaztetxoek; eta Ondarroan danborradak hartu ditu kaleak, Hondar Ahua guraso elkartearen eskutik.
12:00etan atera da danborrada Zaldupe eskolatik. Ume eta nagusiek euskaraz bizitzeko konpromisoa erakutsi dute, makilak gogotsu astinduz. Arrantzale jantzita egin dute ibilbidea, Euskarak batzen gaituelako irakur zitekeen pankartaren atzetik. Giro ederrean eta eguzkia lagun egin da danborrada jendetsua. 13:30 aldera amaitu da Itsasaurren, bandako kide gazteen doinupean eta txalo artean.
Lekeition, ostera, Euskararen aldeko jaialdia egin dute. Jaialdiak, hain zuzen ere, Ikusgarri zinema jendez bete-bete egin du. Eixu euskara lantaldeko kideek, oro har, euskararen inguruko hainbat datu eman dute.
Ahotsak proiektuaren aurkezpena. Euskara Eguneko ekimenekin lotuta, gainera, atzo [abenduak 2] iluntzean Ahotsak egitasmoaren aurkezpen ekitaldia egin zen Mutrikuko udaletxean.
Jose Angel Lizardi alkateak, besteak beste, webguneraino eraman dituzten mutrikuar hiztunei harrera hitzak eskaini zizkien. Beren hitzak grabatuak izan diren herritarren ondareari buruz aritu zen alkatea, eta ondorengoei utzitzako aberastasuna azpimarratu nahi izan zuen. Jarraian, Ainhoa Bernabe Badihardugu Debarroko Euskara Elkartearen izenean Ahotsak proiektuaren nondik norako nagusiak eman zituen.
Ispasterko eskola umeak, kalejiran
Ikastetxeak kolorez bete. Atzo [abenduak 2] egun berezia izan zuten ikastetxeetan; umeek eta irakasleek hainbat saio prestatu zituzten gurasoen gozamenerako; jolastokietan dantza, kantu eta antzezlanei egin zieten lekua; Ispasterren, esaterako, kalejiran atera ziren, trikiti doinuak lagun. Markina-Xemeinen, berriz, II. Bera Krosa egin zuten 250 bat parte hartzailek. Herriko hainbat kale gurutzatu zituen euskararen aldeko lasterketak. Guztira, 1.200 metro inguru egin zituzten, musika eta guzti.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.