Murrizketak Europako Batzordeak proposatutako baino apalagoak izan badira ere, datorren urterako Kantauri itsasoko uretan
txitxarroaren kuota %23 txikitzea adostu du Bruselak, 11.890 tonaraino. Hainbat orduz eztabaidatzen egon eta gero, gaur [abenduak 14] goizeko ordu txikietan ailegatu dira akordio batera Europar Batasuneko arrantza ministroak.
Kuotaren gutxitzea nabarmena baldin bada ere, hasiera batean proposatutakoa baino txikiagoa izan da. Izan ere, Bruselak %45 jaitsiera proposatu arren, ideia hori alde batera utzi, eta, azkenean, %23 txikiagoa izango da.
Ministroek lortutako akordioaren arabera, berriz, hegoaldeko
legatzaren kuota %1,4 txikitzea adostu da, 6.731 tonaraino. Legatzaren kasuan, espero baino jaitsiera txikiagoa izan da. Azterketa zientifikoak oinarri modura hartuta, %36ko murrizketa proposatu zuen Europako Batzordeak, eta, azkenean, %1,4 gutxitzea adostu da.
Arrantzaleak txitxarroa deskargatzen, Ondarroako portuan
Negoziazio horietan legatza eta
txitxarroa eztabaida gehien piztu duten espezieak izan badira ere, oilarraren arrantzari dagokionez, goizaldean hitzartutako akordioak ez ditu Batzordearen proposamenak asko aldatu. Hala, iberiar uretan
oilar kuota %15 txikiagoa izango da, Bruselak gomendatutako %25,7 murrizketaren azpitik. Sole Handian, ostera, oilar kuotaren jaitsiera %25ekoa izango da, lehen proposamena %28koa izanda.
Bestalde, Hego stockean,
zapoaren kuota %54 handitzea proposatu zuen Bruselak, azterketa zientifikoiei begira, eta horixe onartu dute ministroek. Arrazoi berdinagatik,
antxoaren kuota bere horretan mantentzea erabaki dute. Hala, 2016ko mailan uztea erabaki dute, 29.700 tona.
IƱaki Zabaleta Bizkaiko Arrantzaleen Kofradiako presidentea, bere aldetik, pozik agertu da Bruselan adostu diren kuotekin. Arrantzatu ditzaketen kopuruen edozein murrizketek “min” egiten diela esan badu ere, proposatutakoak baino murrizketa txikiago horiekin arrantza jarraitu, “eta urte salbatu” ahalko dutela nabarmendu du.
Miren Garmendia Gipuzkoako Arrantzale Kofradien Federazioko idazkari nagusia ere, pozik agertu da negoziazioaren emaitza “ez delako espero bezain txarra izan”.
Arrantzaleak txitxarroa deskargatzen Ondarroan
Legatz eta txitxarro kuotan murrizketa espero baino apalagoak izatea “albiste ona” badira ere, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, “positiboa” da antxoa kuota gehieneko historikoan egotea, berdelaren kuotak %15 gora egitea eta hegaluzearen kuotak egonkor jarraitzea.
Jaurlaritzak, ere berean, Espainiako Arrantza Ministerioari eskatu dio orain ez diezaiola inolako kuota lagapenik egin beste estatu batzuei, bere aldetik eta arrantza sektorea kontutan izan gabe, otsailean Frantziari hegaluzearen 1.200 tona laga zizkionean egin zuen bezala.
Debekua, arrasteko arrantzan. Horrez gainera, Europako Parlamentuak
800 metrotik beherako sakoneran arrantzatzea debekatu du. Bide beretik, 400 eta 800 metro arteko arrantzan ere arauak eta kontrolak gogortu dituzte, ur sakonetako habitata babesteko helburuagaz. Baina, nahiz eta europarlamentuak debekua onartu, orain Europako Kontseiluak eman behar du azken oniritzia.
Baxurako arrantzaleak sareak josten, Ondarroako portuan
Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariaren esanetan, arau garrantzitsua da arrasteko euskal arrantzontzientzat. “Ekosistema zaurgarri bat babesteko beharrizanaren eta Europan arrasteko arrantza arrazoizko moduan egiteko aukeraren arteko oreka lortu da”.
Bilbaok gogora ekarri du gaia arautzeko
bigarren ahalegina dela, eta “txosten zientifiko guztiek” ziurtatu dutela 2002ra arte izandako araugabetzeak gehiegizko arrantza eragin zuela. Haren ustez, orduan onartutako arauak ez zuen hori konpondu.
Eusko Jaurlaritzako iturriek azaldu dute arau berri horrek
ez duela zuzeneko eraginik arrasteko Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasontzientzat, normalean ez dutelako hain ur sakonetan arrantzatzen. Hala ere, arrantzaleek legeari errezeloz begiratzen diote: “Gure arrantzaleen beldurra da orain 800 metrotan jarri dutela debekuaren muga, baina bi urte barru jar dezaketela 600 metrotan, eta, gero, 400 metrotan. Beldur dira pixkana deabrutzen ari direlako arrastea bera, arrantza teknika bera”.
[Iturria: Berria]