16. Argazki Lehiaketako sariak banatu ditu gaur goizean [abenduak 17], Uhagon kulturgunean, Markina-Xemeingo Ekozain ekologia taldeak. 60 pertsona baino gehiagok eman zuen izena lehiaketan parte hartzeko, azkenean, baina, gutxiago izan dira argazkiak aurkeztu dituztenak.
Nagusien mailako hiru sari eta gazteen mailako beste hiru banatu ditu ekologia taldeak. Aitor Odiaga zinegotziak, udalaren ordezkari modura, eman dizkie sariak sei irabazleei.
Paula Anta,
Amets Burgoa eta
Mikel Torrealdea izan dira gazte mailako irabazleak. Argazki kamara bat eta surf ikastaroak izan dituzte opari. Nagusien mailan, berriz,
Lidia Urizarbarrena,
Ziortza Egia eta
Jesus Mari Osa saritu ditu epaimahaiak. Hirurak, produktu ekologikoez betetako otzara eraman dute etxera.
Argazki Lehiaketako saridunak eta Aitor Odiaga zinegotzia: Jesus Mari Osa, Lidia Urizarbarrena,Amets Burgoa, Mikel Torrealdea, Paula Anta eta Ziortza Egiaren senarra.
Argazki kamaragaz gain, aurten estreinako, mugikorragaz atera ahal izan dira lehiaketarako argazkiak. Guztira,
370 argazkiren artean erabaki behar izan du epaimahaiak, eta aukeraketa hori egiten laguntzeko adituen laguntza eta aholkua ere eduki dute. “Aukeraketa pantailaren bidez egin dugu aurten. Lehen aukeraketa egiten argazkigintzan aditua den
IƱigo Bernedok lagundu digu”, azaldu du Lorea Etxaburu Ekozain taldeko kideak.
Gazteen ikuspegia. Ondoren, beste aukeraketa bat egin dute Karmelo Undurraga eta Mari Karmen Moreno argazkilariekin lagunduta, eta horrez gain, lehiaketan gazte askok parte hartu dutela ikusita, euren ikuspuntua ere jaso nahi izan dute. Horrela, Bera Kruz eta Bekobenta ikastetxeetako
LH 6. mailako ikasleek ere, euren iritzia eman dute, argazki batzuk banatuz.
Gazte mailan, aurten, argazki on asko egon direla azaldu dute Ekozaingoek. “Batzuk oso bitxiak”. Argazki horiek guztiak ikusi ahalko dira orain, Uhagon kulturguneko tabernan jarri duten erakusketan eta pantaila handian. Horrez gain, Markina-Xemeingo taberna batzuetan ere argazkien irudiak emango dituztela zehaztu dute.