Santo Tomas azoka egin dute gaur [abenduak 17]
Mutrikuko Goiko Plazan. Eta horretan jendetza batu da. Eguerdian hasi da plaza jendez betetzen, eta 14:30ak arte jendea joan-etorrian ibili da. Orokorrean, nahikoa herritar ibili dira azokan erosketak egiten. Eta taloa jateko saltokia bisitatu dutenak ere asko izan dira. Bestalde, herriko trikitilariek ere saioa eskaini dute 13:00etan.
Askotariko produktuak erosteko aukera izan dute Mutrikuko azokara hurreratu direnek. Besteak beste, barazkiak, gozokigintza produktuak, baserriko ogia, gazta, eztia, ukenduak edota euskal txerriki eta iparraldeko Foie Gras postuak aurkitu dituzte Goiko plazan. Horrez gain, herriko elkarteen lana ezagutzeko aukera ere egon da. Zabiel Eskulan Taldea, Gure Esku Dago, Presoen aldeko plataforma, Gazteleku, Axular Arizmendi eta Institutuak ere hartu dute parte azokan.
Mutrikuko Santo Tomas azoka.
Animaliek ere eduki dute euren lekua. Zezenak, behi katxenak, ardiak, ahuntzak, behorrak, euskal pottoka, astoak, hegaztiak, poniak eta txerri mestizoak bertatik bertara ikusteko aukera izan dute azokazaleek.
Umeak Gabon kantak abesten Ondarroako Zubi Zaharrean.
Ondarroan, berriz, urtero legez, pintxoak eta taloak jateko aukera egon da, 11:00etatik aurrera, Zubi Zahar herri ikastolak, Santo Tomas ospatzeko, alde zaharrean jarri duen txosnan.
Jai giroak hartu du alde zaharra, ikasleek Gabon kanten emanaldia eskaini dute-eta Zubi Zaharreko eskaileratatik. Gabon giroko sei kanta abestu dituzte ikasleek, alde zaharrean bildutakoen gozamenerako.
Urtero modura, eguerdian batu da jende gehien txosna inguruan, eta taloak jateko ilarak sortu dira.