Arantza Zuluetaren hiru urteko isolamendua salatuko dute Bilbon
Areatzatik abiatuko da, zapatuan [urtarrilak 7] 18:00etan, Arantza Zulueta abokatuaren egoera salatzeko Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioa. Domekan [urtarrilak 8] beteko ditu hiru urte bakartuta Zuluetak, eta abokatuaren alde sortutako plataformak egin du deia. Lekeitioko lagunek ere, manifestaziora joateko deigaz bat egin dute.
Zulueta 2014ko urtarrilaren 8an atxilotu zuten EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekaritza taldearen kontra eginiko polizia operazio batean, eta gaur egun, operazio hartatik Arantza Zulueta da behin-behineko espetxealdian jarraitzen duen pertsona bakarra.
Zuluetak espetxean daramatzan hiru urteak isolamenduan pasatu ditu, gainera. 2015eko martxoan Estremerako (Madril, Espainia) espetxetik Puerto IIIra (Cadiz, Espainia) urrundu zuten eta ordutik, “bakartze egoera latzenetariko bat” jasaten ari dela salatu dute behin eta berriz, bere lagun eta senideek: “Ezin du inolako jarduerarik egin, eta soilik lau orduz eta bakar-bakarrik irten ahal du oso txikia den patio batera, zapaian itxita dagoenera. Ziegan izan ditzaketen gauzak mugatu dizkiote: ziega garbitzeko produktuak, norberaren higienerako gauzak, liburuak, arropa… Ezin du inolako kontakturik izan beste presoekin. Horrez gain, ziegatik irteten den bakoitzean miatu egiten dute, eta ziegaren miaketak bata bestearen atzetik datoz”.
Urriaren 14tik martxan dago Arantza Zuluetaren “bakartze egoera” gaitzesteko webgunea. Puerto III espetxeko presoek sortu dute gunea espetxetik kanpoko eragileen laguntzagaz.