Esnatzeko ordua ere badela dioen tramankulua martxan hasi da. Irratia piztua. 365 orri zuri dituen koadernoko seigarren eguna da gaur. Dutxara. Tabula rasaz dihardu oraindik tramankuluko ahotsak. Hasi berria den etorkizunaren eta amaitu berri den iraganaren arteko tarte lauso arraro hau. Zentzumenez geureganaturiko esperientzien aurretik, pertsonon adimen-koadernoa ilusioz garbi oraindik.
Pi, pi, pi…
Beste ahots bat, tonu bizkorragoan esaldiak botatzen hasi da.
(…) Emakume bat jada eraila da –agian beste bat hau publikatzeraino– ospakizunetan hasi garenetik hirugarrena ala laugarrena? Mingarri egiten da kontua eramatea. Tori errealitate dosia. Besteak beste, 7.666 euro gutxiago irabaztarazten digun sistemak bere horretan dirau.
(…) Tolosan multinazionalek bultzatutako edertasun iruditegiaren aurkako pintaketak agertu dira… jendea esna dago nonbait.
(…) Etxebizitza berrien metro koadroko prezioak gora egin du… Ez da giro aurten ere gazte prekariook bizi proiektu propioa eraikitzeko espazioa artatzeko.
(…) Baina langabeziak behera egin du… Arnasa. Datu ofizialak behera egitea eragin dezaketen eszenario posible batzuk: Lanbiden izena emanaren ilusioa galduta norbere kontura bila aritzea, gabon opariak biltzen ari ziren lau langile hiper-prekarizatu haien kontratazioak, belaunaldi formatuena etorkizun bila urrutira joatera behartua egotea… Eta bitartean Finlandian oinarrizko errenta unibertsala ezartzeko fasean.
Kafea behar dut.
(…) Olentzerok banderola atera izanak eztabaida piztu du… eta tertulianoren batek umeen heziketari egingo dio erreferentzia. Dragoi bola ez zen heziketa tresna bakezaleena izan ba. Zeinek, zer eta nola gogoratzen dugu? Nork du errelatoa idazteko boterea? Gure herriko errealitate gordin honekin amaitzeko justizia sozialaren markoan bidezko urratsetariko batean kalean elkar ikusiko gara, ez etsi.
(…) Euskal selekzioak partida irabazi du… Euskal selekzioak–eta herriak, beraz– ofizialtasunik gabe jarraitzen du eszenaratze folkloriko honetan, kontserbadoreenen teklatutik kontsigna erradikalenak ateratzen badira ere. Oh kirola. Barka, Oh futbol modernoa.
(…) Gabon zahar gauean esperantzaz josirik Melillako muga igarotzen saiatu diren ehunka pertsona legez kanpo bueltatu dituzte… Errefuxiatu politiko nahiz ekonomikoek bidean jarraitzen dute, eta bonbek jarraitzen dute herri batzuen gain erortzen, han eta hemen, Esperanza y Compañia SAk eskualdean arma produkzioan darraien bitartean jendartearen ontasun orokorraren lelopean. Geopolitika internazional interesatuaren taula jolasa da. Zeinek eta nori egiten diogu negar? Bizitza guztiek ez dute berdin balio.
Gaurkoz nahiko esateko aukeran pribilegiatua ni. Mandatuak egin behar ditut.
Eta urte berriari mirari gosez eta mundu ikuskeraz eskatuko diogu justuago eta onago etor dadin, konturatu gabe urte berria bera eta mundua ari zaizkigula geuri eskatzen justuago eta onago izan gaitezen. Pertsona garapena eta jendarte garapena bera ere oso binkulatuta dauden terminoak direlako. Esperantza izateko pribilegiatuak gu.
Atzo ez zen gizaldi berririk hasi, antza.