20 urte ondoren, goma gaineko lehiara bueltatuko da Mutriku Sokatira Taldea

1996 urtea geroztik Euskadiko Goma Gaineko Txapelketetan parte hartu gabe egon eta gero, zapatuan [urtarrilak 14] bueltatuko da lehiara Mutriku Sokatira Taldea. Hala, ohiko lur gaineko taldea izateaz gain, aurten gomako gaineko taldea ere izango dute.

Mutriku Sokatira Taldeak, hain zuzen ere, 1991 eta 1996 urte bitartean izan zuen goma gaineko taldea. Talde hartako bakarra ariko da aurten lehian: Javier Urresti ondarrutarra –1992an hasi zen sokatiran–.

Taldeko kideek nabarmendu dutenez, taldeko gazte batzuk animatuta sortu dute taldea. “Goma gaineko taldea berriro sortzeko ideia taldekideen artean sortu da. Hain zuzen ere, gazteenek emandako ideia izan da. Markina-Xemeingo batek ea aurten goma gainean izena emango genuen eta proba egingo genuen aipatu zuen, eta hortik aurrera, hainbat izan gara taldea osatzera animatu garenak”.

Batzartu ondoren, bederatzi lagun izango dira goma gaineko lehian ariko direnak. Honakoek osatzen dute talde osatu berria: Gorka Arreitunandia Arinas (Mutriku), Garikoitz Arruti Agirregabiria (Mutriku), Xabi Arizaga Martin (Ondarroa), Jon Badiola Gallastegi (Ondarroa), Eder Bergara Bernabeu (Markina-Xemein), Ekaitz Salcedo Muñiz (Markina-Xemein), Aitzol Urkiza Osa (Ondarroa), Javier Urresti Quinteiro (Ondarroa) eta Ioritz Urruzuno Olazabal (Ondarroa). Gaineratu dutenez, taldeko ateak zabalik dituzte. “Norbaitek taldean parte hartu nahi izanez gero, gure Saturraraneko lokalera etorri besterik ez du egin behar”.

Mutriku Sokatira Taldeko goma gaineko taldea, Saturrarango lokal aurrean

Mutriku Sokatira Taldeko goma gaineko taldea, Saturrarango lokal aurrean

Denboraldi berria, gainera, entrenatzaile berriaren esanetara hasiko dute Mutriku Sokatira Taldeko kideek. Angel Arrieta mutrikuarra izan da azken bost urteetan entrenatzailea; Sebastian Gurrutxaga Loreto azpeitiarrak ordezkatuko du. Gurrutxaga Nuarbe taldearekin aritu izan da urte luzez, eta nazioarteko txapelketetan ere eskarmentu handia du. “Hainbeste urte taldean aritu eta gero, Angelek iaz ozta-ozta esan zigun baietz. Angelek taldea utziko zuela planteatu zuenean, norbait derrigorrean behar genuen, eta Gurrutxagari deitzea erabaki genuen”.

Txapelketari dagokionez, pisu handiko kategorietan soilik parte hartuko dutela adierazi dute sokatira taldeko arduradunek. Hain zuzen ere, 680 eta 640 kiloko kategorietan parte hartuko dute. Pisu aldetik ondo dabil taldea, eta nahikoa gutxi diren arren, ondo moldatuko direla uste dute. “Denboraldi guztia egiteko izan balitz, gutxitxo izango ginateke, baina pisu handian parte hartzeko  nahikoa garela uste dugu”.

Talde berriko kideak gogotsu daude lehian hasteko. Azaro hasieran hasi ziren entrenamenduekin jo eta ke –astean lautan entrenatzen dute–, eta lehen postuetan egotea espero ez baldin badute ere, maila ona erakutsi nahi dute txapelketan. “Goma gainean ez dakigu zelan moldatuko garen, baina ahalik-eta lan onena egiten ahaleginduko gara”.

“Teknikoagoa”. Goma gaineko eta lur gaineko diziplinek antzekotasun asko baldin badituzte ere, desberdintasunak ere badituztela azaldu dute tiratzaileek. “Goma gainean aritzea teknikoa dela iruditzen zaigu. Erabiltzen ditugun oinetakoak, esate baterako, beste era batekoak dira. Kasu honetan, botak erabili beharrean zapatilak erabiltzen dira. Ez dira edozelako zapatilak; zapatila horien zolak birkautxutatu egiten dira, goma gainean txirrist ez egiteko. Txapelketa hauetan, gainera, ez dute brearik onartzen, eta eskuetan, hortaz, brea eman beharrean, magnesioa ematen dugu”.

Mutriku Sokatira Taldeko kideak soka eskuetan

Mutriku Sokatira Taldeko kideak, soka eskuetan

Entrenamenduei dagokienez, aldaketa horiek erabilita, modu berdintsuan entrenatzen dute. “Kasu honetan, lurzorua aldatu behar izan dugu. Lurraren gainean goma ipini dugu, eta kitto”.

Goma gaineko denboraldia amaitu ondoren, maiatzean hasiko den lur gaineko txapelketarako prestatzen hasiko dira gainontzeko taldekideekin batera. “Gomako txapelketa urtarrila bukaeran amaitzea aurreikusten dugu. 680 kiloko txapelketa jardunaldi bakarrean jokatuko da, eta 640 kilokoa, bestalde, hiru jardunalditan banatuta. Beste taldeen maila ikusita, ez dugu uste finalerako sailkatuko garenik”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*