Mendexako Udala Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikusten ari da
Jesus Mari Anakabe alkateak azaldu duenez, aurreikuskatze fasean daude orain. Hau da, lehen pauso horretan udalerrian dituzten beharrizanak eta horiek gauzatzeko dituzten aukerak aztertzen ari dira.
Aurreikuskatze fasea martxoaren hasierarako burutzea espero dute. «Arlo desberdinetan zer eta zelan egin daitekeen eta zer ez ikusten ari gara; aukerak aztertzen gabiltza. Eta horregaz batera, datuak gaur egungo errealitatera egokitzen ari gara», zehaztu du Anakabek.
Besteak beste, etxebizitzei dagozkien datuak eguneratuko dituztela adierazi du. Izan ere, aurreko datuak zaharkituta geratu dira, eta esate baterako, garai batean herrian zegoen beharrizan zein eskari kopuru alturik ez daukate orain.
Halaber, aurreko planean jasota zegoen Karraspio hondartzaren aparkalekua ere berraztertuko dute aipatu fase horretan: «Aparkalekua handitzeko beharrizana dagoen edo komeni den ikusiko dugu, eta horrela erabakiz gero, zer aukera dauden ere aztertuko dugu».