Zapatuan [urtarrilak 7] euskal presoek jasaten duten sakabanaketaren kontra Bilbon egingo den manifestaziora joateko autobusak daude Mutrikutik eta Lea-Artibaiko zenbait udalerritatik. Sareko kideek azaldu dutenez, Euskal Herri osotik
250 autobusetik gora joango dira Bilbora.
- Aulesti-Munitibar: 15:45ean Torrezeilaitik aterako da autobusa, eta handik Munitibarrera joango da. Izena emateko: herriko tabernetan.
- Lekeitio: Lekeitiarrak 15:30ean irtengo dira Mandaskatik, eta joateko beharrezkoa da Guzurmendi, Galarrenan edo Elkartasun dendan aurretik izena ematea.
- Markina-Xemein: Markina-Xemeingo autobus geltokitik 16:00etan aterako dira Bilborantz, eta herritarrek Txokoan edo Alarabin eman behar dute izena.
- Mutriku: Mutrikuko biribilgunetik 15:45ean aterako da autobusa, eta bertan joateko asmoa dutenek Zubixan eman behar dute izena.
- Ondarroa: ondarrutarrak 15:30ean abiatuko dira Zaldupetik, eta autobusean joateko Anaitasunan edo Kulixkan eman behar da izena.
- Ziortza-Bolibar: plazatik ere 15:30ean irtengo da autobusa. Izena emateko 608 41 47 48 telefono zenbakira deitzeko eskatu dute.
Babes zabala. #Salatzen dut. Euskal Presoak Euskal Herrira lemapean
17:30ean Casillatik irtengo den manifestazioak babes zabala lortu du. Euskal Herriko askotariko eragileek bat egin dute deialdiagaz: Etxerat, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, Euskal Herriaren Lagunak, Kristau Elkarte Herritarrek, Herria 2000 Eliza, Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeak…
Halaber, besteak beste, indarkeria desberdinetako biktimen babesa ere jaso du. Esaterako, Rosa Rodero ETAren biktimak eta Karmen Galdeano GALen biktimak manifestazioan parte hartzeko dei egin dute asteon.
Besteren artean, abokatu, kirolari, musikari, kazetari zein aktore askoren atxikimendua jaso du manifestazioak. Horiekin batera, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiak zein Javier Madrazo, Gemma Zabaleta eta Tontxu Campos Eusko Jaurlaritzaren sailburu izandakoek ere babestu dute. Bestalde, Ahal Duguko Pili Zabalak eta Nagua Albak Bilbon egongo direla jakitera eman dute, “maila pertsonalean”.
Egun osoko jaia. Manifestazioa arratsaldean izango bada ere,
eguerditik jai giroa izango da nagusi
Bilboko Alde Zaharrean. Iturbiden Xabat Galletebeitia lekeitiarraren eta Oihana Iguaranen bertsoekin gozatuko dute bertaratzen direnek, eta horiekin batera txistulariak ere egongo dira. Era berean, Errondabiden trikitilarien eta Jone Uria eta Ane Labaka bertsolarien saioak izango dira. Atxurin, berriz, joaldunek izango dute giroa berotzearen ardura.
Ondoren, 13:00etatik aurrera Sare Kantari emanaldia egingo dute Etxebarrieta plazan.
Bestalde, Etxebarrieta plazan eta Zamudioko atarian infoguneak jarriko dituzte, sarekideek eskuak zein bestelako materiala eskuratzeko.