Amets gaiztoa amaitu da
David Gonzalez eta
Alexis Rodriguez Etxebarrian zegoen TMA enpresako langile ohientzat. Urtarrilaren 2an hartu zuten epailearen ebazpena, eta zigor eskaera altuekin hasitako epaiketa penala (5 urte eta 4 hilabeteko espetxe zigorra eta ia 70.000 euroko isuna eskatzen zuen akusazio partikularrak eta 2 urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra fiskaltzak), falta prozedura soil batean amaitu da, 90 euroko isunagaz.
Urtarrilaren 19ra arte, oraindik errekurtsoa jartzeko aukera dauka TMAko nagusiak, hala ere, sententzia argia dela ikusten dute. “
Errugabeak garela dio eta erruduntzat jotzen gaituen gauza bakarra borrokatu egin dezakegu absoluzioa lortzeko. Baina, egia esateko, nahi dugun gauza bakarra gu bakean uztea da. Sententzia betetzea nahi dugu eta eraman dugun borroka kriminalizatzen ez jarraitzea”.
TMAko behargin ohiak enpresaren aurrean.
Alde batetik
lasaitasuna izan dela adierazi dute, eurek esaten zutena egiaztatu dutelako, eta beste alde batetik, poztasun sentsazio bat ere bai, nahiz eta 90 euroko kondena ezarri dieten, kondena hori absoluzio bat bezalakoa dela ikusten dutelako. “Zelan azaltzen dute orain ezarri ziguten horrelako hurruntze agindu ikaragarri eta neurriz kanpokoa; zelan azaltzen dute gure kontrako 800 orriko dosierra, eta zelan azaltzen dituzte gure aurka eskatu zituzten kargu handiak”, dio Rodriguezek. Behargin ohiaren iritziz absoluzioa arazo bat izango litzateke parteen artean.
“Nekatu arte esan genuen errugabeak ginela eta lan arazo bat zela. Zorionez epaileak horrela ulertu du. Kargu penalak erretiratu ditu, falta prozedura batean utzi du gaia eta 90 euroko isun sinboliko bategaz uzten gaitu”.
David Gonzalez markina-xemeindarra ere
pozik dago. Alexis Rodriguez eta LAB sindikatuko ordezkari batek eman zioten epaiaren ebazpenaren berri, gaur egun behar eginten duen lantegian. Hasiera batean notizi txarra eman behar ziotela pentsatu zuen, baina gero poz handia hartu zuen.
“Familia osoa dago pozik, dena amaitzeko zain gaude. Beti beldurretan ibili gara Durangora ere joan ezinik. Errekurtsorik ez badago 19an amaituko da dena”.
Balorazioa. Euskal Herriko zein kanpoko enpresa komite, herritar, behargin, sindikatu bai eta mozioak onartu zituzten politikari ezberdinen elkartasuna eduki zuten behargin biek, eta orain zorionak jasotzen ari dira. “Garrantzitsuenak tailerreko beste behargin guztienak izan dira, gurekin egon dira-eta momentu guztietan”.
Auziari amaiera eman eta epaiaren balorazioa egiteko ere elkartu egin dira TMAko langile ohiak. Justiziazko epai bakarra absoluzioa zela aldarrikatu dute ozen, eta argi geratu dela ezarritako isun sinbolikoak helburu jakina zuela: “Gure lankideen aurka zein TMAko langile ohi guztien aurka jardun dutenen jarrera lotsagarria zuritzea”. TMAko langile ohien asanbladaren ustez, absoluzio batek euren ugazaba ohiaren
“gezurrak” ageriago utziko lituzke. “Fiskaltza azken horren morroi bezala irudikatuz, eta Probintzia auzitegiak Alexis Rodriguez eta David Gonzalezi ezarritako neurrigabeko urruntze agindua, oinarrizko eskubideen zapalketa bezala”.
“Berriro gure lanpostuen defentsan aurrera eramandako borroka justu eta zilegia ezbaian jarri nahiko balute, jakin dezatela kalean topatuko gaituztela borrokan eta gure auziarekiko babes eta elkartasuna eraikitzen. Azken finean, borroka hau, herri honetako langile guztien borroka delako”
Patronalak eremu judizialean ezinbesteko aliatua topatu duela diote gainera. “
Injustizien aurka borrokatzeko eta garaitzeko gaitasuna ikusten dutenean, errepresioa aktibatu egiten dute”. Hori dela eta, langileek borrokaren zilegitasuna zein beharrezkotasuna barneratzea garrantzitsua dela iruditzen zaie, eta patronalak zein espainiar sistema juridikoak bultzaturiko errepresioari aurre egiteko modu eraginkorrena neurri hauen aurkako babes eta elkartasun eremuak sortzea dela diote.
Euren alboan borrokatu eta ekimenetan parte hartu dutenei eskerrak eman eta bakean uzteko aldarria egin dute TMAko behargin ohiek.