2017-01-24

Mijoako ur zikinen proiektua Jaurlaritzaren 2017ko aurrekontuetan kontuan izateko eskatu du Eguzkik

Hainbat erakunderi eskaera egin ondoren, oraingo honetan Eusko Jaurlaritzari egin dio eskaria Eguzki talde ekologistak. Hain zuzen ere, Mijoako saneamendua 2017ko aurrekontuetan kontuan izateko proposamena egin diote Jaurlaritzari. Adierazi dutenez, arazoari “merezi duen” bezala heldu, eta une honetan prestatzen ari diren 2017ko aurrekontuetan proiektua islatzeko eskatu dute. “Bada gai honi behingoz behar bezala heltzeko garaia”.

Erakundeek 2011 bitartean egin beharreko Gipuzkoako hainbat lan hidrauliko aurrera eramateko hitzarmen bat sinatu zuten 2007an, eta Mijoako saneamendua lan horietako bat zen. “Baina finantzatze gehiena (%75) Jaurlaritzak ipini behar zuen, eta ipini ez denez, proiektua ez da burutu”. Iaz onartutako Plan Hidrologiko berriak, bestalde, berriro aurreikusten du proiektua gauzatzea, baina, oraingoan, 2016 eta 2021 urte bitarteko epean, eta 3,6 milioi euroko aurrekontuarekin. “Bada gai honi behingoz behar bezala heltzeko garaia”.

Mijoako erreka ikurketa baten ostean kutsatuta, 2016ko uztailean

Mijoako erreka ikurketa baten ostean kutsatuta, 2016ko uztailean. Argazkia: Eguzki

Eguztik salatu duenez, “aspalditik egiteke” dauden hainbat ur zikinen lan gero eta gehiago atzeratzen ari dira, “funtsean Eusko Jaurlaritzak ez dituelako betetzen horiek finantzatzeko hartu zituen konpromisoak”. Eta adierazi dutenez, atzeratuta dauden lan horietako bat Mijoa errekakoa da. “Behin baino gehiagotan entzun izan dugu egiteko dauden ur zikinen proiektuak egiten joango direla, dirua dagoen neurrian. Baina dirua egon badago. Arazo honetan, beste hainbatetan bezala, lehentasunak ezartzean dago kakoa, gure ustez”, nabarmendu dute.

Eguzkikoen iritziz, Mijoako erreka, gaur egun, “bioaniztasuna itotzen duen duen estolda hutsa da”, Bisoi Europarra Babesteko Plan Bereziaren barruan sartuta dagoen arren. “Mijoako isuriak Saturrarango eta Ondarroako hondartzetan nabaritzen dira, eta kiratsak, berriz, San Jeronimoko eta Pikupeko bizilagunek jasan behar izaten dituzte”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*


*