Portugaleteko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egingo dira Lea-Artibai eta Mutrikun
Herenegun [urtarrilak 10] Portugaleten izandako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egingo dira gaur [urtarrilak 12] eta bihar [urtarrilak 13] Lea-Artibai eta Mutrikun.
Mutrikun eta Ondarroan, esatera baterako, gaur egingo dira elkarretaratzeak. Mutrikun 18:30ean batuko dira Goiko Plazan, Emakumeak Mutrikun Abian taldeak deituta. Ondarroan, bestalde, 19:00etan batuko dira Alamedan, udalak deituta. Markina-Xemeinen eta Lekeition, berriz, bihar egingo dituzte protestak. Lekeition 19:00etan batuko dira Eskolapean, eta Markina-Xemeinen, 20:00etan, Goikoportalean.
Emakumeen Mundu Martxak deituta, gainera, Euskal Herriko beste hainbat herritan ere egingo dira elkarretaratzeak. 93 urteko emakume bat labankadaz hil zuten etxean, eta Ertzaintzak 56 urteko semea atxilotu zuen, ama hiltzea leporatuta. Emakumeen Mundu Martxak Hegoaldeko lau hiriburuetan deitu du elkarretaratzera, Bilbon izan ezik, Portugaleten bertan egingo baitu protesta. Emakumeen Mundu Martxak salatu du “urteko lehenengo hilketa matxista” izan dela.
Hildako emakumeak Alzheimerren gaitza zuen, eta semearekin bizi zen. Mediku zerbitzuek semea larri zaurituta aurkitu zuten, bere buruari sabelaldean emandako sastakaden ondorioz. “Jendarteak zaintza lanen gaiari heldu behar dio”, adierazi du Emakumeen Mundu Martxak. Gizonak Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia) atxilo jarraitu zuen atzo [urtarrilak 11], Ertzaintzak adierazi zuenez.
(Iturria: Berria)