Etxebarriko frontoia eta plaza eraiki zirenetik 80 urte igaro dira, eta urteurren hori gogoan eduki dute
Ahaztuen Oroimena elkartekoek. Herri txiki baterako horrelako azpiegitura bat eraikitzeak zuen garrantzia nabarmendu nahi izan dute.
«Herritarrentzako aisi, partidu eta jokorako lekua eraikitzea erabaki zuen 1933ko haueskundeetatik eratuta zegoen udalbatzak, eta 1935ean hasitako kudeaketek hurrengo urtean eman zuten fruitua». Erabaki hark sortutako ilusioa, gerrak «zapuztu» zuela badiote ere, egitura gaur egunera arte mantendu da, eta txosten batean laburbildu dute obra haien inguruko informazioa.
Frontoiaren inguruan adar ezberdinak zabaltzen dira, eta ezagutzen dituzten gai guztiak biltzen saiatu dira. Horrela, Ahaztuen Oroimenak 1933ko gobernu berria, lan istripua eta 1936ko gerra uztartu ditu bere txostenean. Han azaltzen duenez,
1933ko hauteskundeetan, zerrendaburu aurkeztutako Victorio Arrizabalaga Ortuzar
Bittorio Bolante zen garai hartan alkate, «ezkertiarrek lortutako gehiengo osoaren gidaritzapean», eta agintaldiko obrarik nagusiena aurrera eraman zuten: plaza berria eta frontoia.
Etxebarriko plaza. Argazkia: Indalecio Ojanguren
«Gaur egun, Korrubarrenako 23 eta 24 atarien aurrekaldean zegoen garai hartan plaza. Elizak eta Korru barreneko etxeak sortzen zuten tartean, gaur egungo autoentzako aparkalekua zen orduko plaza», azaldu dute.
Frontoia egin, eta plaza handitzeko edo berritzeko lur sail zabala behar zuten, eta 1935ean, udalak, horretarako beharrezko zituen lurrak erosi zituela jakin du elkarteak.
«1935eko urtarrilaren 27ko osoko bilkuran, salerosketa gauzatzeko udalaren ordezkari gisa Victorio Arrizabalaga alkatea bera izendatu zuten. Hilabete berean, obra horretarako beharrezkoa zen lur eremua mugatzen zuen lehen planoa aurkeztu zuen Ramon Gandiaga Solaguen Izurtzako aparejadoreak».
Eraikinaren hedadurak lur horietan zeuden ortu eta etxeei eragiten zien. Horrela, jakin dutenez, bi hilabete geroago, 1935eko martxoaren 14an,
Amalia Urkidi Unamunzagaren sail bat erosi zuen udalak. «170 metro karratuko saila 360 pezetatan erosi zuten. Lur eremu hau, Sebastian Larrañagak zeukan alokatuta, beragatik urtean 10 pezeta ordaintzen zituelarik».
Alejandro Gaytan de Ayala Ansotegik, herentziaz jasotako Korruostia izeneko lursaila erosi zuen udalak ondoren, 652 metro karratuko hedadura zeukana. «Salerosketa 1935eko apirilaren 11n sinatu zuten, eta lur horiengatik, udalak, 1.600 pezeta ordaindu zituen». Salerosketaren lekuko izan ziren, Ahaztuen Oroimenak azaldu duenez, Alejandro Gaytanen emaztea, Teodoro Onaindia eta Anakleto Txurruka.
Sebastian Larrañagaren etxea (Txutxo Larrañaga pilotari ezagunaren aitaren etxea), ostera, gaur egun 24. ataria dagoen lekuan zegoen. «15 metro karratuko lursaila doan eman zion herriari plaza eta frontoia eraikitzeko». Beraz, Sebastian Larrañagak emandako lursailagatik ezik, beste lur sail bietarako 1.900 pezeta behar izan zituen udalak.
Istripua. 1935eko uda orduko, bai proiektua zein beharrezko lurrak erosteko kudeaketak eginda zituen udalak, eta lanak martxan jarri zituzten. Lanek urte bete inguru iraun zuten. «Lur eremua libratzeko eraikuntzak eraitsi eta lur eremuak zuen errekaranzko beherakada berdintzea izan zen lehengo pausoa», zehaztu dute, eta ezbeharren bat ere gertatu zela aurkitu dute artxiboetan.
«Igeltsero lanetan zebilela, Juan Idoeta Gangoitia aldamiotik erori eta hil egin zen 1935eko azaroaren 7an. 07:30ean gertatu zen istripua. Bilbora eraman zuten ospitalera, baina buruhezurreko kolpea larriegia izan zen, eta ospitalean hil zen Idoeta».
Dirudienez, gaztearen heriotza ez zen Amoto baserriko familia horrek denbora gutxian hartuko zuen kolpe latz bakarra. «Bere aita,
Juan Jose Idoeta, 1936ko urriaren 29an hil zen Beide baserrian. Frankistek Urkaregitik obus bat bota, eta Beide erretzen zegoela, laguntzera hurbildu zenean eroritako beste kainoikadak eragindako eztandaren ondorioz hil zen».
Etxebarriko Ikuspegia. Argazkia: Indalecio Ojanguren
Lanak gauzatu ondoren,
1936ko irailaren 6an aurkeztu zituzten Agustin Ugartetxea eta Jose Etxabe frontoiaren eraikuntza eta plaza berriztearen arduradunek lan horietarako beharrezko materiala eta kostua.
Uda bukaeran herritarrek erabiltzeko moduan egongo ziren azpiegitura publiko berriak. «Baina ilusioa eta aurrerakuntza udan eman zen kolpe militarrak zapuztuko zituen; irailaren bukaeran pilotazaleak eta probazaleak baino, gudariak elkartuko ziren plaza eta eliza inguruetan. Eliza inguruan erori baziren ere, kainoikadek, zorionez, ez zuten apurtu frontoi berri-berria».