Frankismo garaian indarrean zegoen botereak ikurrina legez kanpoko jo bazuen ere, 1960ko hamarkadan areagotu egin ziren ikurrinaren aldeko ekintzak. Ondarroan,
1968ko urtarrilaren 6an zintzilikatu zuten lehenengoa, herriaren erdi-erdian.
Datorren astean 40 urte legeztatu zuten urte askoan jazarria egon zen ikurrina, 1977ko urtarrilaren 19an. Gaur egun erabat normalizatutako ikurra den arren, gorabehera handiko historia du: debeku, jazarpen eta zigorrak, batetik, eta erakutsi, aldarrikatu eta plazaratzeko saioak, bestetik. Debekuak gaindituta herrietako erdiguneetan ikurrina guztien bistara jartzeko ekintza ikusgarriak prestatzerakoan, aitzindari izan ziren Ondarroan.
123 urteko historian jazarpen handia izan duen bandera da ikurrina. 36ko gerraren ostean, esaterako, frankistek
legez kanpo jarri zuten 1939-1977. urteen artean. Ikurrina bat zeramana isuna ordaintzera edo espetxera ere zigortzen zuten. Banderaren aurka ez eze, ikurrinaren koloreen kontra gogor egiten zuten poliziek.
Aintzane Aranbarri lehen ikurrinaren aurrean. Zigortuko zituztelakoaren beldur, adin txikiko bat ipini zuten argazkian, badaezpada. Argazkia: OHZ
Diktadurak ezarritako errepresioa eta debekua latza baldin bazen ere, han-hemenka ikurrinak ipintzeko ahalegin klandestinoak asko izan ziren. Ikurrinaren aldeko aldarrikapen eta ekintza horiek, gainera, areagotu egin ziren 1960ko hamarkadan. Garai hartan, adibidez,
goi tentsioko kableetan han-hemenka hainbat ikurrina agertu ziren zintzilik: 300dik gora agertu ziren, eta horietako bat duela ia 50 urte Ondarroako bi gaztek ipinitakoa izan zen, 1968ko urtarrilaren 6an. Ikurrin hura frankismo garaian Ondarroako kaleetan eskegita agertu zen estreinakoa izan zen.
Ikurrina zintzilik agertu zeneko lehenengo aldia izan bazen ere, ikurrinaren aldeko beste ekintza gogoangarri bat ere egin zuten aurretik: orduko hartan, eliza barruan erakutsi zituzten hainbat ikurrina, 1964ko abuztuan. Ekintza egin zutenek —Andoni Arrizabalaga
Itziarren semea tartean zela— sistema berezia erabili zuten ikurrin txikiak elizan inor konturatu barik botatzeko.
“Ordura arte ikurrinak paperean ikusi ziren, eta beste pauso bat eman behar zela iruditu zitzaigun”
Elizako bobedan, aldarearen parean dagoen zuloan, poltsa batean ikurrinak sartu zituzten, eta poltsa hori lotzen zuen soka kandela baten alboan ipini zuten. Jaietako meza nagusia hasi aurretik, kandelari su eman zioten, eta, meza amaitzen ari zela,
ikurrin zaparrada erori zen han zeudenen gainera. Hain zuzen ere, paperezko ehunka ikurrin txiki jausi ziren elizako sabaitik goitik behera. Pasarte hura herritarren artean oso ezaguna da, eta Kirmen Uriberen
Elkarrekin esnatzeko ordua azken eleberrian ere agertzen da gertakari horren berri.
Herri guztiaren bistan. Elizako ekintzan parte hartu zuen gazteetako bat, berriz, lau urte geroago herri guztiaren bistan ikurrina ipini zuen bietako bat izan zen. “Ordura arte ikurrinak paperean ikusi ziren, eta
beste pauso bat eman behar zela iruditu zitzaigun; ikurrina herriaren bistara, kalera ateratzea, alegia. Herri zapaldua agian bai, baina hilda ez zegoela erakutsi nahi izan genuen ekintzagaz”.
Ikurrina ipini zuten bi herritarrek ikurra kalean jartzea ez zela erraza izan nabarmendu diote HITZA-ri, ia 50 urte geroago. Aurretik,
hainbat proba eta ahalegin egin behar izan zituzten ezkutuan. “Egiten genituen probak ezin ziren edonon egin. Horretarako, mendira joaten ginen, eta probak ezkutuan egin behar izan genituen, ahal genuen modura”, kontatu dute izena isilpean mantendu nahi duten ondarrutarrek.
Hainbat sistema probatu eta gero, argindar zutoineko kablean ikurrina zintzilikatu ahal izateko polea bidezko sistema asmatu zuten
Azaldu dutenez, ikurrina Errege egunean ipini bazuten ere, 1967ko San Andres egunean —abertzaleen eta ezkerrekoen eguna— herrian hainbat ikurrin ipintzea zen hasierako nahia. “Gau berean hiruzpalau ikurrin ipintzeko asmoa genuen, baina arazo batzuk egon ziren, eta ezin izan zen genuen egitasmoa aurrera eraman. Horrenbeste ikurrin batera ezin genituenez ipini, hurrengo egitasmoa urtarrilaren 6an egitea pentsatu genuen, herri guztiak ikusteko moduko leku batean. Horretarako, beste sistema bat erabiltzea pentsatu genuen”.
Hainbat sistema probatu eta gero, argindar zutoineko kablean ikurrina zintzilikatu ahal izateko
polea bidezko sistema asmatu zuten. “Ikurrina ipini nahi genuen tokian ipini ahal izateko, gauza berriak asmatuz eta hobetuz joan behar izan genuen. Eta hainbat ekinaldi egin ostean, polea sistema erabiltzea pentsatu genuen”. Kablera lotzen zen polea, hain zuen, bietariko batek egin zuen, portuko bere lantokian.
Ikurrina eskegitzeko erabilitako polea. Argazkia: Ondarroako Historia
Sistema probatu eta gero, ikurrina ipintzeko egunean
hainbat arrisku ere hartu behar izan zituzten bere gain bi gazteek. Ekintza, badaezpada, goizaldean egin zuten, eta inork ez ikusteko moduko tokian, San Juan Txurru inguruko pinu artean. Euren bizia arriskuan jarri ere egin zuten, gainera. “Ekintza ondo irten zitzaigun, eta ahalegina egin egin nahi izan genuen, nahiz eta tentsio handiko kableak frijituta ere utzi ahal gintuen”.
Bertikalean zintzilik. Ikurrina goi tentsioko kablean zintzilikatzeko arrazoi nagusia, bestalde, handik kentzeko oztoporik gehien ipintzea zela azpimarratu dute ekintzaren arduradunek.
Ikurrina handia zen, eta errezago eskegi ahal izateko, bertikalean zintzilikatu behar izan zuten
Ikurrina kablean eskegitzeko, berriz, honako sistema hau erabili zuten: bata zuhaitzean gora igo zen, eta soka bat bota zuen kablearen beste aldera. Behean zegoen lagunak soka horri tira egin, eta ikurrina zeraman polea kablean jarri zuen. Goian zegoenak, bestalde, soka ahalik eta motzen moztu, eta, kontrapisu bat ipinita, ikurrina kablean behera eraman zuen.
Tamaina aldetik nahikoa handia zen ikurrina: bi metro pasatxoko zabalera eta metro eta erdiko luzera zuen. Eta, errazago eskegi ahal izateko, bertikalean eskegi behar izan zuten. “Arazo gutxiago emateko, buruz behera eskegi genuen”.
Eguna argitu orduko, herri guztiaren bistan agertu zen ikurrina bi dorre elektrikoen erdi-erdian. “
Zubi Zaharretik eta Kantoipe errebueltara bitartean, bista-bistan ikusi zen ikurrina, dotore. Jende asko egon zen ikurrina ikusten. Bai Kantoipetik, bai elizako korretatik”.
“Asko poztu egin ziren, eta beste horrenbeste erabat sumindu ere egin ziren. Askori entzun genion Erregeetan sekula horrelako oparirik ez zutela jaso”
Herritar askorentzat, gainera, momentu hunkigarria izan zen. “Asko poztu egin ziren, eta beste horrenbeste erabat sumindu ere egin ziren. Askori entzun genion Erregeetan sekula horrelako oparirik ez zutela jaso. Penalty jatetxe ezaguneko jabea (Pakita Salazar), esaterako, ikurrina ipini zutela jakin zuenean sukaldea utzi, eta zegoen modura, amantal eta guzti, Zubi Zahar parera joan omen zen ikurrina ikustera. Askok diotenaren arabera, emozioak gainezka eginda, negarrez egon omen zen”.
Sistema berberagaz. Ikurrinak izandako oihartzunaren ondoren, poliziek eguerdi ostean lortu zuten bistatik kentzea. Horretarako, baina,
argia kendu behar izan zuten Iberdueroko teknikariek. “Ahalegindu ziren era batera eta bestera, eta, ezin izan zutenez, azkenean argia kendu behar izan zuten”.
Hilabete batzuk geroago, beste ikurrina bat ere agertu zen Kamiñazpin egin ziren etxe berrien parean, eta, sistema eraginkorra zela ikusirik, polea gehiago egin zituzten, sistema bera beste herri batzuetan ere erabili ahal izateko. “Sekulako arrakasta izan zuen, eta leku guztietan erabiltzen hasi ziren. Hura nola erabili behar zen erakutsi genien beste hainbat herritakoei”.