Arazoekin hasi zen atzo [urtarrilak 15] goizean, Lekeition, XII. Beteranoen Eskuz Binakako Txapelketa. Trinketeko kantxaren hezetasunagaitik partida bakarra jokatu ahal izan zuten, eta beste guztiak bertan behera utzi behar izan zituzten.
Moral eta Laka, eta Gandiaga eta Arrateren arteko norgehiagoka jokatu zen bakarrik. “Pilota partida barik, patinajeko saioa zirudien lau jokalariak egin zuten saioa, eta nahikoa izan zen lesiorik barik partida amaitzea”, adierazi dute antolatzaileek.
Ezin jokorik eginda ibili ziren lau pilotariak. Azkenean, baina, garaipena urdinen aldekoa izan zen. Moral eta Lakak 30 eta 23 irabazi zieten Gandiaga eta Arrateri, Lakaren sake eta geldirik jotzeko posturagaz baliatuta.
Moral, Laka, Arrate eta Gandiaga domekako partida jokatu aurretik. Argazkia: Trinketeko Beteraoan Txapelketa
Beste partidak bertan behera gelditu ziren, eta Jaunarena Nafarrak ezer egin barik bueltatu behar izan zuen. “Hasieran atze aldea zegoen egoera txarrean, baina aurrean jokatu zitekeen, eta horregatik ez genion ez etortzeko abisurik bidali. Beroketa saioak amaitu ondoren zoru guztia berdindu zen, eta ordurako Garzaroneko jokalaria etorrita zegoen”, azaldu dute.
Txapelketaren lehen asteburuan gertatutakoa ikusita, udalari dagoen arazoa konpontzeko eskaria egingo diotela jakitera eman dute. “Berriro eskatuko diogu, pintura bereziarekin saiatzeko arazo hau konpontzen; kantxa alderdi batean horrelako bat emanda dago eta inguru horretan ez zen umeltasunik egon”.
Datorren domekarako
hurrengo partidak aurreikusi dituzte:
–
09:30ean :
Gandiaga-Arrate/Astigarraga-Egaña
“Astigarragak naiz eta 63 urte izan, sasoian dago eta orain duen gripea gainditzen badu, gauzak zail ipiniko dizkio aurreko koadroan Orbearen ordez jokatzen ari den Berriatuko Gandiagari. Atzean, Andoni Egañaren indarra nagusitu daiteke, baina Arrate maisua da sarera hurreratzen eta partidu orekatua espero da”.
–
10:15ean : Moral-Laka/Beraza-Etxebarria
Urteroko partida orekatuena eta ikusgarriena izan daitekeela uste dute antolatzaileek. “Elgoibartarrak Salinasetik datoz txapelketa irabazita eta azken urteetako huts egiteei buelta ematen saiatuko dira”. Gakoa Laka mendexarren gidapean egongo dela diote. “Eta Moralek ondo agintzen badu, partidua bere alde ipini daiteke”.
–
11:00etan : Jaunarena-Foster/Telleria-Conde
Iazko txapelduna, Telleria mallabiarra sasoian dagoela aurreratu dute, eta Elgoibarko Condek atzean oso modu onak erakutsi izan ditu. Hori dela eta faboritoak izateko aukera handiak dituzte. Hala ere, Conde, oraindik, trinketera egiteko dagoela ikusten dute antolatzaileek, eta hori erabil dezakeela Jaunarenak iragarpenari buelta emateko. “Horretarako atzean Fosterren segurtasuna izango du”.