Burlatan (Nafarroa) zapatu gauean gizon batek emakume bat hil zuela salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte biharko zenbait udalerritan. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz hildako bigarren emakumea da.
Gizonak astelehenean [urtarrilak 16] adierazi zion poliziari andrea zapatuan ito zuela eta haren gorpua domekan ibaira jaurti zuela. Gizona atxilotuta dago, eta bihar deklaratuko du. Bitartean, Arga ibaian gorpua bilatzeko lanak geldituta daude, eguraldiaren baldintza txarren ondorioz.
Bihar [urtarrilak 18] 18:30ean egingo dute elkarretaratzea mutrikuarrek, eta 19:00etan elkartuko dira Lekeitioko, Markina-Xemeingo eta Ondarroako herritarrak.
Lekuan lekuko talde feministek zein udalek egin dituzte aipatu deialdiak. Besteak beste,
Erasorik ez, erantzunik barik! eta
Emakumeen kontrako indarkeria gehiagorik ez! lelopean batuko dira aipatu udalerrietako bizilagunak.
Elkarretaratzeak:
- BERRIATUA: Eguaztena. 18:30ean, udaletxe aurrean, Berritxuko Neskak taldeak deituta.
- LEKEITIO: Eguaztena. 19:00etan Eskolapean, Lekeitioko Potxuak Martxanek deituta.
- MARKINA-XEMEIN: Eguaztena. 19:00etan udaletxe aurrean, Markina-Xemeingo Udalak deituta.
- MUTRIKU: Eguaztena. 18:30ean Goiko Plazan, Emakumeak Mutrikun Abian-ek eta Mutrikuko Udalak deituta.
- ONDARROA: Eguaztena. 19:00etan Alamedan, Ondarroako Udalak deituta.