Bihar [urtarrilak 18] zabalduko ditu ateak
Fitur Nazioarteko Turismo azokak, eta domekara [urtarrilak 22] bitartean ordezkaritza izango dute Mutrikuk eta Lea-Artibai eskualdeko herriek Madrilgo (Espainia) Ifeman.
Lea-Artibai eskualdeko turismo eskaintza zabaltzearen ardura
Leartibai Garapen Agentziak edukiko du beste behin ere; Mutrikuko turismo eskaintza, aldiz,
Debegesak zabalduko du,
Geoparkearen bitartez. Azaldu dutenez, bertoko turismo eskaintza zabaltzen egongo dira Euskadiren erakusmahaian.
Geoparkeak jakitera eman duenez, gainera, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeak
presentzia bikoitza izango du aurten turismo azokan; “helmuga turistiko jasangarri” gisa promozionatuko da. “Batetik, Euskadiko erakusmahaian izango du lekua, Euskal Kostaldeari eskainitako txokoan natura-turismo eta geoturismo eskaintza zabalaren berri ematen. Bestetik, Geoparkeak bere erakusmahai propioa izango du Fiturren, Europako UNESCO Geoparkeen sarearen babespean. Bertan, Europan egun dauden 69 geoparkeak helmuga turistiko jasangarri gisa promozionatuko dira”.
Geoparkeko ordezkaritza osatuko duten kideen artean, Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea eta Pedro Bengoetxea Debako alkatea izango dira, Zumaiako udaleko ordezkariekin batera. Agendan dituzten hitzorduen artean, etzi [urtarrilak 19], Garapenerako Turismo Jasangarriaren Nazioarteko Urtearen harira Geoparkeen Munduko sareak eta Espainiako Geoparkeen Batzordeak antolatu duten ekitaldian parte hartuko dute. Ekitaldia Extremadurako erakusmahaian egingo da.