Literaturaren topagune izango da Ondarroako Orrigorri egitasmoa
Euskal idazleek aurkezpenak egingo dituzte bi astean, domekatik maiatzaren 28ra bitartean. Hamar libururen gaineko solasaldiak egingo dira. Zikloari hasiera Kirmen Uribek emango dio etziOndarroako Arrigorri ostatuak antolatuta, bigarren Orrigorri liter...
Euskal idazleek aurkezpenak egingo dituzte bi astean, domekatik maiatzaren 28ra bitartean. Hamar libururen gaineko solasaldiak egingo dira. Zikloari hasiera Kirmen Uribek emango dio etzi
Ondarroako Arrigorri ostatuak antolatuta, bigarren Orrigorri literatur ekimena egingo da domekatik maiatzaren 28ra bitartera. Egitasmoaren barruan, hainbat euskal idazlek aurkezpenak egingo dituzte, solasaldi formatuan. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, sarrera doakoa izango da, eta inguruko literaturazale guztiei bertaratzeko gonbitea luzatu diete.Idazleen hizketaldiak bi astean behin egingo dira, domeka goizeetan. Zikloari hasiera Kirmen Uribek emango dio, Elkarrekin esnatzeko ordua liburuaren inguruko berbaldiagaz, etzi, 11:00etan. Eta maiatza bitartean, hamar libururen gaineko solasaldiak egingo dira beraien sortzaileekin eskutik. Proiektuan honako idazleek parte hartuko dute: Iñigo Aranbarri, Koldo Izagirre, Patxi Larrion, Miren Gorrotxategi, Mikel Etxaburu, Lore Agirre, Oihana Etxebarrieta, Zuriñe Rodriguez, Leire Ibarguren eta Miren Odriozola.
Aiert Goenaga egitasmoaren arduradunak nabarmendu duenez, aurtengo Orrigorri iazkoa baino anitzagoa izango da; «entsegu eta guzti» etorriko dela aurreratu du. Horrez gainera, Ondarroako idazleek ere presentzia berezia izango dutela azpimarratu dute.
Ikuspuntu feminista
Lanei dagokienez, denetik landuko dute. Martxoan eta apirilaren hasieran, esate baterako, ikuspuntu feminista lantzen duten hiru lan izango dira aztergai. Oihana Etxebarrietaren eta Zuriñe Rodriguezen Borroka armatuak eta kartzelak, Lorea Agirreren Emakumeak, arraza eta klasea eta Miren Odriozolaren borroka jasotzen duen Laura deitzen zioten ere landuko da Leire Ibarguren eta Miren Odriozola beraren eskutik.
Liher Gonzalez Arrigorri ostatuko kideak gaineratu dutenez, herriko ekimenei lekua ematen jarraitzeko apustua mantendu du Arrigorrik. «Redstonekin zein beste ekimen batzuekin egin modura, aurten ere Orrigorri bertan izatea pozgarria da guretzat. Herriko beste eragileei ere gurekin elkarlanean gauzak antolatzeko gonbitea helarazi nahi diegu beste behin ere. Kooperatiba izanda, Arrigorri ostatu hutsa baino gehiago da, herritarren eskura dagoen plaza bat gehiago, alegia».